‘Edonor denok inor ez’, arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak ikasleen ikuspegitik

Fecha

02.02.24 - 01.09.24

Lugar

Araba - Gasteiz

Sergio Rubira, Leire Vergara eta Mikel Onandia.
Sergio Rubira, Leire Vergara eta Mikel Onandia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Artium Museoan aurkeztu dute ostiral honetan ‘Edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991’ erakusketa. Garai horretan martxan jarritako ekimenak aztertzen dira, tartean Arte Ederren Fakultatearen sorrera, ikasleen ikuspegia lehenesten.

‘Edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntzen instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991’. Hala deitzen da ostiral honetan Gasteizko Artium Museoan aurkeztutako erakusketa, Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Vergarak komisariatua.

Erakusketa 2022an museo berean aurkeztutako ‘Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1977’ erakusketa-proiektuaren jarraipena da. Aipatutako erakusketak 70ko hamarkadan, Bilboko Arte Ederren Goi Eskola sortu zen garaian, jarri zuen arreta; eta gaur bertan aurkeztutakoak, berriz, 80ko hamarkada lantzen du.

Kronologia 1978an hasten da, hau da, Bilboko Arte Ederren Goi Eskola fakultate bihurtu eta 1978an EHU izango zenera sartu zeneko unean; eta 1991n amaitzen da, Juan Luis Moraza artista Artelekun, Donostian, zuzendutako ‘Cualquiera todos ninguno’ –euskaraz ‘Edonor denok inor ez’– mintegia eskaini zuen unean. Mintegi horren izenburua erabili da, hain zuzen ere.

Artiumen egindako agerraldian, komisarioek azaldu dutenez, erakusketa hainbat kapitulutan antolatuta dago, eta horietan arreta jartzen da, lehen aipatutakoaz gain. Besteak beste, proiektu hauetan: Rekaldeberri Herri Unibertsitatea, Gasteizko Teknologia Berrien Zentroa (CINT), EHUren Unibertsitate Hedapenerako Tailerrak eta Donostiako Bideo Jaialdia.

Erakusketak, beraz, arreta jartzen du Arte Ederren Fakultatearen sorkuntzan, eta ikasleen eskaerei ere erreparatzen die. Parte-hartze zuzenagoa izatea eskatzen zuten, eta komisarioek erabaki dute ikasleen ikuspegia lehenestea. «Hau da, formazio gune eta praktiketara artisten lanetatik hurbiltzea», azpimarratu du Onandiak.

Komisarioak aipatu ditu erakusketan ikusi daitezkeen zenbait lanen egileen izenak, haien artean Juan Luis Moraza, Ines Medina, Jesus Mari Lazkano, Jose Chavete eta Dario Urzay, «euskal arte garaikidearen protagonistak direnak». 

Eskulturak, margo lanak, collageak eta ikus-entzunezko lanak ikusgai daude, Euskal Herriko historiaren lekuko. Izan ere, garai hartan aurrerapauso nabarmenak izan ziren. EHUren Hedapenerako Ikastaroak garatu ziren, eta horien artean zegoen Luis Maria Iturrik zuzendutako antzerki-lantegia, bere ikasleak Akelarre konpainiako laguntzaile bihurtu zituena. 

Eta urte horietan mugimendudun irudiek garratzi handia hartu zuten, eta eremu horretako prestakuntza funtsezkoa bihurtu zen, Video Nou-k Bilboko Udal Aurrezki Kutxaren Kultura Gelan 1979an antolatutako ‘Bideoari buruzko Informazio Asteak’, Donostiako Bideo Jaialdia eta Gasteizeko CINT sortu izanak agerian uzten dutenez.

Arteleku, hirugarren kapituluaren ardatz

Amaitu baino lehen, Onandiak nabarmendu du Artelekuren sorrera. Erakunde horrek 1987an ireki zituen ateak, eta paper garrantzitsua jokatu zuen, ez bakarrik ekoizpen-zentro gisa, baizik ere artistek eta teorikoek emandako ikastaro eta lantegien bidezko prestakuntza-gune gisa.

Artelekun garatu ziren jarduerak izango dira Euskal Herriko arte-arloko hezkuntza-praktikei buruzko erakusketa sail honen hirugarren kapituluaren ardatz.

Bisitatzeko ordutegia honakoa da: asteartetik ostiralera 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Larunbatak eta igandeak: 11.00etatik 20.00etara.

Sarrerak leihatilan eta online. Doako sarrera: arratsaldero eta igandeetan, egun osoan.

Ubicación

Artium Museoa
Francia, 24
Gasteiz. Araba