Euskal irritarrek gorazarre egingo diete Pirritx, Porrotx eta Marimototsi BECen

Fecha

03.05.25

Lugar

Bizkaia - Barakaldo

Plazan bildu dira gaurko aurkezpenean bildutakoak familia argazki koloretsuan.
Plazan bildu dira gaurko aurkezpenean bildutakoak familia argazki koloretsuan. (Gorka Etxeandia /Jon Larrinaga | FOKU)

Euskal Herritik bildutako milaka pertsonek ‘Maite zaitugu’ esango diete Pirritx, Porrotx eta Marimototsi. ‘Maite zaitugu’ eta ‘eskerrik asko’. Herri omenaldia 2025eko maiatzaren 3an izango da, 17.00etatik aurrera.

14.000 pertsona biltzea espero dute sustatzaileek. Ostiral honetan 11.00etan jarriko dira sarrerak salgai webgunean. Sarrera fisiko batzuk ere salgai jarriko dira Durangoko Azokako zenbait salmahaitan. Denak 15 euroan izango dira salgai, pistakoak, omenaldia zutik gozatu nahi dutenentzat, zein gradakoak, emanaldia eserita bizi nahi dutenentzat.

Familia handia dute inguruan Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Lagunez eta hainbat partehartzailez beteta zegoen Jalgi tabernan aurkeztu dute asteazken honetan ekitaldia Agurtzane Intxaurragak  (ikuskizuneko zuzendari artistikoa), Ane Labakak (ikuskizuneko gidoilaria), Amagoia Mujikak (Maite Zaitut Kultur Elkarteko kidea) eta Nerea Godoyk (Maite Zaitut Kultur Elkarteko eta Bizipozako kidea). Plazan bildu dira prentsaurrekoaren ondoren familia argazki koloretsu eta alaia egiteko.

Ideia xume batetik hasi eta bidean handituz joan den egitasmoa da gaur aurkeztu dutena. Bi hamarkada joan dira euskal herritarrengana –«euskal irrritarrak», sustatzaileen esanetan– iritsi den ‘Maite zaitut’ kantuak argia ikusi zuenetik. 

«Behin batean, maitatzen zekien herriari ‘maite zaitut’ esaten irakatsi zioten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Orain, ereserki bilakatutako abestiak hogei urte beteko dituenean, merezitako ‘maite zaitut’ ozena eskaintzeko herri omenaldi bat antolatu dugu. Nork bere bizipenak izan ditu pailazoekin, eta guztiek osatzen dute irrien herria. Elkarrekin esan nahi diegu ‘maite zaitut’ hala esaten irakatsi zigutenei», adierazi du Mujikak.

Esku askotara jositako ikuskizun hunkigarri eta dibertigarria izan dadin espero dute sustatzaileek. «Denok haur bilakatzea izango da helburua, sudur gorria jantzi eta pailazoen unibertso magikora jauzi egiteko. Oholtzan, ordea, ez dira pailazoak eurak ariko: haiek oholtzatik zein publikotik omenduak izango dira», gaineratu du.

«Pribilegioa»

Pailazoekin bizipen desberdinak izan dituen adin desberdineko herritar talde batek osatu du Maite Zaitut Kultur Elkartea, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi Euskal Herri mailako omenaldi bat egiteko proposamena luzatuz. «Esan ote diegu nolako pribilegioa daukan Euskal Herriak haiekin? Segur aski ez diegu esan merezi duten moduan, merezi bezain ozen», jarraitu du.

«Izan ere, 1987an –egoera soziolinguistiko eta helburu jakinekin– beraien ibilbideari ekin ziotenetik, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek belaunaldi askori utzi diote arrastoa bidean, jendarte oso bat eraikitzeko oinarri eta zimenduak jarriz. Euskarara etorri direnei beso-zabalik, pertsonak lehenetsi dituzte beti mapen aurrean, eta aniztasunaren bandera guztiak haizatu, tinko», nabarmendu dute.

Katxiporretako pailazoek mundu-ikuskera bat landu dute urte hauetan guztietan, haien pertsonaia eta ikuskizunen bitartez pailazogintza irauliz. Eta, gaztetxoenak munduari begiratzeko modu horretan hezteko aitzakian, tresna eraldatzaile eta pedagokiko bilakatu dira helduentzat ere, antolatzaileen esanetan.

Pailazoen ausardia nabarmendu du Mujikak: «Poz eta min, bizitzari kantatzen ausartu dira. Minbiziari ere abestu diote. Munduan ba al dago beste pailazo talderik minbiziari kantatzera ausartu denik?».

«Hori guztia bada nahikoa ekarpen, tamaina bereko eskertza bat gorpuzteko eta, haiek askotan abestu duten moduan, «eman eta jaso» logikari modu kolektiboan erantzuteko. Horregatik, maiatzeko hitzordu berezi horretara den-denak bertaratzea nahi da: haurrak, gazteak, helduak, zaharrak, familiak, norbanakoak, bikoteak, hirukoteak, lagun-taldeak, lankideak, ikaskideak, bizilagunak… Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek arrastoren bat utzi dietela sentitzen duten guztientzako lekua izango da bertan: 14.000 bihotz elkarrekin, taupa-taupa», adierazi dute.

Musikarien, abeslarien, dantzarien, antzerkigileen, artista plastikoen, bertsolarien nahiz bestelako diziplinetako artisten partehartzea iragarri dute. Helburua, pailazoen abestien eta sortutako unibertsoaren magia berpiztea. Ez dira faltako orain arte haien bidean bidelagun izan diren elkarteen eta norbanakoen ekarpen bereziak, emozioz eta alaitasunez beteriko ikuskizun batean.

«Haiek sortzen duten atmosfera berezi hori bueltan ematea da erronka» esan du ikuskizunaren zuzendari artistikoa den Agurtzane Intxaurragak. «Ikuskizun eder bat izango da, diziplina anitz bilduko dituena. Dibertigarria bezain dinamiko eta hunkigarria. Ez da pailazoen ohiko emanaldi bat izango; haiek oholtzatik eta publikotik omenduak izango dira. Baina pailazoei ikasitako mundu ikuskeratik, Euskal Irri horretatik, bihotzez jositako ikuskizun bat eskaintzea da helburua».

Aurrean duen erronkaren aurrean duen ikara aitortu die bertaratutakoei. «Lasarte-Oriako kaleetan zehar 14.000 pertsona biltzea errazagoa litzateke, izan ere gradak dituen edukiontzi hutsa da BEC. Zaila da espazioari bizipoza ematea».

Urte luzez euskaldunon soinu bandako parte diren hamar abesti eta ‘Maite zaituz’ kantua aukeratuko dituzte «dramaturgiari zentzua emateko», zehaztu du Intxaurragak. Xabi Zabala arduratuko da moldaketez.

Pailazoak sortu eta bost urtera jaio zen Labaka. Pailazoen ume da. Baita sortzailea ere. «Nola bihurtzen da pasioa gidoi? Nola maitasuna festa erraldoi, haragizko eskertza herri omenaldi? Ezinezkoa da, bakakigu, baina egin egingo dugu», esan du.

«Pailazoek mundu koloretsu bat sortu dute. Koloretako amets bat egunero kantuetan, ikuskizunetan, gure haurrak dantzan ikusten ditugunean eta haur ginenok ere dantzan jartzen gaituztenean, esna bizi dugun koloretako amets horretan. Zintzoak eta bihurriak, zintzurriak, izaten irakatsi digutenez, egun batez eszenatokiaren beste aldean, jasotzen, jarriko ditugu Pirritx, Porrotx eta Marimotots», esanez amaitu du Godoyk. 

Ubicación

BEC
Azkue Kalea,1
Barakaldo. Bizkaia