Euskaraz sortutako kultura garaikidearen plaza bilakatuko da Iruñea
Fecha
18.11.24 - 23.11.24
Lugar
Nafarroa - Iruñea
«‘Bambaluna deitu omen zioten Iruñeari arabiarrek. ‘Pompaelo’ erromatarrek. Horiek baino lehenago bertoko euskaldunok ‘Iruña’ esaten zioten hiriari. Izenen dantza honetan euskaraz sortutako kultur garaikidea bilduko den festibalari ‘Iruñaldia’ jarri diogu izen. Iruñearen ordua, sasoia, denbora, garaia… heldu delako. Gaurtik aurrera, Euskara Unibertsoak festibal berritzaile bat izango du Euskal Herriko hiri buruzagian», adierazi dute Iruñaldia jaialdiaren antolatzaileek.
«Guk ez dugu ezer asmatu. Begi-kate bat baino ez gara. Milaka urtez gure kultura ontzen joan da. Gaur, XXI. mendeko bigarren hamarkada honetan aurrekoen lekukoa hartzen dugu eta etorkizunari begira jarri nahi ditugu gure sortzaileak. Euskaraz burutzen den sormen garaikidea dugu ikusmiran», jarraitu dute.
Sei egunez, bederatzi aretotan Iruñaldiak lehen urratsa emango du udazkenean. Azaroan Iruñaldia jaialdia hartuko du Iruñeak, euskaraz sortutako kultura garaikidea bertako publikoari gerturatzeko. Sei egunez, hilaren 18tik 23ra, Alde Zaharrak euskal kulturaren proposamen berri eta ausartenak bilduko ditu, musika, dantza, literatura, antzerki eta bertsolaritzaren arloan. Programa osoa webgunean kontsulta daiteke. Sarrerak ere bertan eskuragarri.
Kondestablearen jauregian aurkeztu dute jaialdiaren lehen edizioa Maider Beloki Kultura zinegotziak; Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduradun eta jaialdiko antolatzaile-laguntzaileak eta Maitane Bueno Laboral Kutxako zuzendariak, ekitaldiaren babesleak.
Iruñean euskalgintzan eta kulturgintzan diharduten beste lau eragile ere elkarlanean aritu dira: Katakrak, Karrikiri Iruñeako Euskaldunon Topagunea, Laba eta Zaldiko Maldiko.
Beteranoak eta aurpegi berriak
Iruñaldiaren ospakizunak euskal sortzaile erreferenteak eta hainbat diziplinatako talentu berriak elkartuko ditu Iruñeko bederatzi gunetan. Jaialdia azaroaren 18an hasiko da bi emanaldi berezirekin. Petti eta Ana Galarragak ‘Frankestein agurgarria’ disko-liburua aurkeztuko dute, Elkar argitaletxearen eskutik.
Ondoren, Udaletxeko plazan Iruñaldiaren inaugurazio ekitaldia egingo da, Duguna Iruñeko Dantzariak eta Broken Brothers Brass Band taldearen baterako emanaldiarekin eta Sustrai Colina eta Sarai Robles bertsolariekin. Musika, dantza eta bertsolaritza uztartuko ditu emanaldiak.
Hurrengo egunean, azaroaren 19an, Bilboko Pabiloi 6 Gazte Konpainiak ‘Egun zoragarriak’ antzezlana eskainiko du Gayarre Antzokian, Patxo Telleriak Alfredo Sanzol idazle nafarraren testua oinarri hartuta idatzitako euskarazko bertsioan.
Komedia ganberro eta sentimentala denak eszena laburren eta umorez zipriztindutako puzzle emozional gisako baten bidez, adiskidetasunari, harreman pertsonalei eta eguneroko bizitzatik kanpo proiektatzen ditugun fantasiei buruzko hausnarketa egiten du.
Azaroaren 20an Angel Erroren ‘Itzulpena’ liburua aurkeztuko da, Pettiren kontzertu akustikoarekin batera, Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topagunean (Xabier kalea 4). «Hasieran, Angel Errok bere azken sorkuntza ekarriko du, ‘Itzulpen-Itzulpena’. Idazleak landu duen sormenik bitxiena da, lan horrek proposatzen duen hizkuntza-jolasagatik. Bigarren atalean, poesiatik musikara jauzi eginen da, Pettiren bakarkako proposamenarekin; gitarra lagun duela, pentsamendua, poesia eta melodia uztartuko ditu ekarriko duen proiektuak», iragarri dute antolatzaileek.
Azaroaren 21eko lehenengo proposamena Maria Oses eta Idoia Asurmendiren eskutik etorriko da; ‘Munstroen bila: ohe azpian aurkitutakoak’ ikuskizuna eskainiko dute Laban (Gazteluko plaza 2). Bi egileak aspaldiko lagunak dira, eta urte hauetan hainbat abesti sortu dituzte elkarrekin; horietako batzuk ez dute, ordea, inoiz argirik ikusi. Egindako lan horiek berrartu, berrikusi eta berrasmatu, eta orduan amaitu gabeko piezak sortu dituzte ikuskizun honetarako. Hitzaren eta musikaren arteko elkarrizketari tiraka, ohe azpiko munstroak esnatu dira eta oholtzara gonbidatu dituzte.
Egun berean Maialen Lujanbio bertsolaria Katakraken (Kale Nagusia 54) izango da ‘RR’ proposamen performatiboarekin. Bertsolaritza, hitza eta ikus-entzunezkoak uztartu ditu lanak. Hitzekin eraikitako errezitaldi bat da, hizkuntza modu plastikoan erabiltzen duena: soinuz, testu idatziz, hitz lauz, bertsoz... eta aurrez grabatutako soinuekin eta pantailako proiekzioekin elkarreraginean. Hurbileko zaizkigun gaiez mintzo da, Maialen Lujanbioren eztarritik.
Azaroaren 22an, jaialdiak Bozak esperientziaren emanaldi berezia eskainiko du, Iruñaldirako bereziki sortutako Loraldia jaialdiaren ekoizpen propioa. Kondestablearen jauregiko agertokian, hiru lurraldetako hiru emakume: Nerea Erbiti, Lide Hernando eta Maialen Errotabehere. Hiru abeslari eta hiru estilo erabat ezberdin.
«Nafarroak Nerea Erbiti ekarriko du, jazz munduan eroso mugitzen den abeslaria, eta Ion Celestino eta Joseba Tapiaren bandetan ohikoa dena; nafar kantu zaharrak ere ikertzen eta abesten ditu. Lapurditik dator Maialen Errotabehereren ahots liluragarria, grabatu berri duen diskoa aurkeztera; soula eta pop alaia ditu gustuko Nafarroa Beherean jaiotako abeslari honek. Gipuzkoatik Lide Hernando datorkigu, hainbat urtez Liher taldeko ahots izan ostean bakarkako ibilbideari ekin diona: Bele izena du bere oraingo proposamenak, eta musika estilo berriak lantzen ditu: popa, soula, funkya... Ezinbesteko hitzordua gaur egungo euskal musikan murgildu nahi duenarentzat», diote.
Azaroaren 23an, berriz, hiru proposamen ezberdin izango dituzte jaialdiaren lehen edizioari amaiera emateko. Goizean, Zaldiko Maldikon (Ansoleaga kalea 9), doako ardo eta musika dastaketaz gozatu ahal izango da, Baztango Xurie upategia eta Mikel Inun musikaria protagonista direla.
«Baztango Xurie upategiak Arizkunen ditu mahastiak; 2019ko uztaz geroztik ardotzen dute mahastietan bildutako mahatsa, ardo naturalak sortuz. Mikel Inunek, berriz, 2014an kaleratu zuen lehen diskoa eta harrezkero, ez dio utzi ez sortzeari ez bide berriak urratzeari. Bestetik, ez da pop musikara mugatua sentitu; gai propio zintzoak eta zuzenak lantzen hasi zen, eta, ondoren, hainbat poetaren letrak musikatu ditu (Itxaro Borda, Miren Agur Meabe...). Baina erritmoa, umorea eta freskotasuna beti izan dira Inunen nortasuna ezagutzeko elementu garrantzitsuak, eta haren musika proposamen berriek bide eta helburu horiek izaten jarraitzen dute», esan dute.
Arratsaldean, Udaletxeko plazan, Kukai Dantza Konpainiak Gelajauziak koreografia eskainiko du, duela bederatzi urte Cesc Gelabertek eta Jon Mayak sortutako lana, bi MAX sari irabazi zituena. Orain, Kukaik egokitzapen txiki bat egin du, eta formatu txikiago batean eskainiko du.
Eta Iruñaldiaren azken emanaldia ‘Ai, gure juaneteak’ lana izanen da, Mikel Laboaren abestiak egungo giza animalia baten begiradatik emanen dituena. Patxo Telleriarena da obra, eta hainbat musika eta estilotako bakarrizketak uztarti ditu. Harekin batera, Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez izango dira taula gainean. Emanaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izango da (San Agustin kalea 3). ‘Ai, gure juaneteak’ ikuskizun eszeniko hibridoa da, hitzak eta musika uztartzen dituena, aktore-musikari baten eta bi musikari-aktoreren bidez. Antzezlanaren testua Mikel Laboaren abesti batzuen berrinterpretazio erabatekoa da.
Ubicación
Zaldiko Maldiko
Ansoleaga kalea 9
Iruñea. Nafarroa