Gasteizko txosnetan eskaintza anitza
Fecha
03.08.24 - 03.08.24
Lugar
Araba - Gasteiz
Oztopoak-oztopo, aurten ere herri mugimenduak txosnagunea izango da Gasteizko jaietan. ‘Entxosnatu’ lelo pean egitarau propioa prestatu dute antolatzaileek, eta azken urteetan bezala Unibertsitateko eremuan ezarriko dira txosnak, Farmazia eta Letren Fakultateen artean. Urtero legez musika eskaintza handia izango da, eta egunero gozatu ahalko da zuzeneko musikaz. Jaiak igande arratsean hasiko dira ofizialki, baina larunbaterako ekimen eta ekitaldi ugari prestatu dira hiriko zenbait guneetan. Izan ere, txosnagunean larunbatez ekingo diote festari, eta Libe, Harakin, Mice eta Rosa Mari ariko dira zuzenean doako emanaldian.
Arabar zaporeko gaualdia
Gaueko 21.00etan igoko da agertokira Libe banda. Libe Garcia de Cortazar musikari gasteiztarrak gidatzen du banda, eta ‘Azal Ezten’ diskoa dakar besapean, 2024 honetan argia ikusi duen estudioko hirugarren emaitza. 22.00etan Harakin taldearen txanda izango da. Punk oi! eta Rock & roll giroetan dator Gasteiz bertako banda gaztea, eta ‘Skins Gasteiz!’ aurkeztuko dute, taldearen debuteko lana.
23.00etan Mice bandaren ordua izango da. Miren Narbaiza musikari gipuzkoarra da Miceren sortzaile eta arima, eta ondoan banda sendo bat izaten du lagun kontzertuetan. Durana (Araba) herrian dute entsegu lokala, eta bertatik bideratzen dituzte egun euren pausoak. Egitasmoaren estudioko azken diskoa den ‘Lautada’ bertan sortua eta grabatua izan da. Azkenik, gaualdia borobiltzeko goizaldeko 02.00etan Rosa Mari disko jartzaileekin perreatzeko aukera izango da ordu txikiak bitartean.
Musika eskaintza anitza
Abuztuaren 3an hasiko dira ekitaldiak txosnagunean eta abuztuaren 9an amaituko dira. Tartean zazpi gaualdi eta guztira 40 musika proposamen baino gehiago entzuteko aukera izango da txosnagunean, musikalki eskaintza anitza eta koloretsua izango delarik. Gatibu, Chill Mafia, Nøgen, Dupla edota Segismundo Toxicomano bezalako musika talde ezagunetatik, bidea egiten ari diren Eire, Ithaka, Herenegun, Nakar edo Ganibeat bezalako proposamen gazteetara, musikak ez du etenik izango. Azkenik, azken urteetako ohiturari segika, musika elektronikoak tarte handia izango du goizaldeko ordu txikietan, disko jartzaile eta musika jartzaileen eskutik.
Ubicación
Txosnagunea
Unibertsitatea
Gasteiz. Araba