Gotzon Barandiaran eta Edu Zelaieta, Poesia Orduak errezitaletan

Fecha

02.09.24 - 03.09.24

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Gotzon Baradiaranen errezitaldiko lantaldea.
Gotzon Baradiaranen errezitaldiko lantaldea. (DONOSTIA KULTURA)

Urtero legez, Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatuta, Poesia Orduak errezitaldiak hartuko ditu Victoria Eugenian antzokiko klubak. Aurten bi saio antolatu dituzte, irailaren 2an eta 3an gauzatuko direnak: lehenean, astelehena, Edu Zelaieta eta Mugaldekoak izango dira protagonista ‘Presbizidak lagunduko omen digu’ errezitaldian, eta egun bat beranduago Gotzon Barandiaranen ‘Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko’ liburuan oinarritako saioa egingo da.

‘Presbiziak lagundu omen digu’ saioan Mugaldekoak taldeak literatura eta musika uztartuko dute. Horretarako, Edu Zelaietak (taldeko kidea bera ere bai) aurten Pamielan argitaratutako poesia bilduma hartuko dute oinarri.

‘Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko’ emanaldia, aldiz, Gotzon Barandiaranen hirugarren poema liburutik abiatzen da. ‘Galbahea’ liburua aurten argitaratu da, kasu honetan Susa argitaletxearen ekimenez. Poemak musikatu dituzte eta oholtzan idazlea bera eta hainbat musikari ezagun arituko dira: Lander Bilbao, Mariana Blanco, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra eta Uxue Garcia.

Poesia orduak Euskal Jaiak programan txertatzen da (aurten abuztuaren 28tik irailaren 8ra dira egitekoak). Donostia Kulturatik nabarmendu nahi izan dutenez, tradizio handia dute jai hauek Euskal Herrian, hainbat lekutan ospatu izan dira eta Donostiaren kasuan gainera jarraipena izan dute. «Hor ditugu estropadak, Sagardo Eguna, euskal dantzak, herri-kirolak, etab. Euskal kulturak ere bere espazioa izan du Euskal Jaietan, eta Poesia Ordua saioek leku hori betetzen dute», jarri dute azpimarra.

Saioetarako gonbidapenak saio bakoitzaren egunean bertan goizeko 11.30etik aurrera eskuragai egongo dira Donostia Kulturaren webgunean eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan. Poesia Orduak errezitaldien kartela, bestalde, Maite Mutuberria ilustratzaileak egin du.

Ubicación

Victoria Eugenia antzokia
Argentinar Errepublika, 2
Donostia. Gipuzkoa