Ines Medinaren erakusketa Artium Museoan, ezagutzaren bila
Fecha
28.02.25 - 01.06.25
Lugar
Araba - Gasteiz

Inés Medinaren (Cáceres, 1950) ‘Ikerketa analitiko-plastikoa 1978-1995’ erakusketa ikusgai dago Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko A3 aretoan 2025eko ekainaren 1era arte.
Erakusketak 1978tik eta 1995era arteko lanen aukeraketa biltzen du, haren lehenengo esperimentazio mokromoetatik abiatuta, 1995ean New Yorkera bizitzera joan zen arte. 60 piezak eta beira-arasetan ikusgai dauden 100 objektuk osatzen dute erakusketa, Medinaren lan prozesua azpimarratzen duena. Beatriz Herraezek, museoko zuzendariak, ostiral honetan esan duenez, ia bi hamarraldi horietan garatutako praktika artistikoaren prozesuak artearen funtzioaren etengabeko bilaketa da.
Artistak bere ibilbidean egindako hogeitaka serieetatik, hasierako batzuen lagina dago ikusgai Artiumen, abstrakzio geometrikoa nabarmenduta, baita irudiak ikertu eta sortzeko ordenagailuaren erabilera ere, analisirako tresna gisa.
Erakusketaren komisario Enrique Martinez Goikoetxeak esan duenez, Ines Medina euskal tradizio formalistan jardun zuen belaunaldikoa da, jardun eta bere burua nabarmendu, eta 70eko hamarraldiaren amaieran nazioarteko diskurso eta praktika artistikoak ere kontuan hartzen hasi zen. Bilaketa horretan, artea errealitatea ezagutzeko tresna gisa aurkezten du bere lanetan.
Erakusketak jasotzen duen epean espresionismo abstraktutik abstrakzio geometrikaraino, minimalismotik igarota, pintura, eskultura, marrazki eta paper gaineko inprimatze digitalen bidez, prozesua nabarmentzen da, ikerketa teorikoarekin, idazketarekin eta psikoanalisiarekin lagunduta, sail geometriko hutsetan, irudiaren potentzialtasuna iradokitzen duten izenburuekin eta askapen feministari erreferentzia eginez, «artea, ezagutza eta bizi-esperientzia uztartuz».
Artearekiko harreman zuzena
Ezagutza prozesu horren faseak ere jasota daude lan horietan, Medinak berak esan duenez: sentsazioak, intuizioa, ezagutza eta soluzioa. Bi gelatan banatuta, lehenengo gelako lanen bidimentsionalitateak bigarrenekoen tridimentsionalitatera darama. Eta tridementsionalitate hutsa lortuta amaitzen da ibilbidea. Trimentsionalitate hutsa diagonalik edo konbentziorik gabekoa da, lerro horizontal eta bertikalak eta puntua, besterik ez.
Ines Medinak ikasteko pintatzen du, eta, «azken batean, naizena izateko». Sortzaile izan nahi zuen eta «hutsetik hasi» zen, teknikak menperatzen zituenean. Paper zuriak edo oihal txikiak lurrean jarrita, «zikintzen» hasi zen eta artearekiko harreman zuzena sentitzen. Horrela ulertzen du sortzeko ekintza, etengabeko elkarrizketa moduan. Horrela egin ditu bere lan guztiak «eta horrela ikasi dut gero eta gauza gehiago».
Medina Caceresen jaio eta Bilbora etorri zen sei urte zituela. Euskal Herriko Unibertsitatean arte plastikoetan trebatu eta doktoretza egin zuen. Ondoren irakaskuntzan ere jardun zuen, eta 90eko hamarraldiaren erdialdetik, 15 urte eman zituen New Yorken. Egonaldi luze hark eragin handia izan zuen haren lanean.
1980. urtetik, erakusketa ugari egin ditu, batez ere Estatu espainolean eta AEBetan, eta hainbat sari jaso ditu.
Erakusketa honekin lotuta, Artium Museoak liburuxka bat argitaratu du, Sara Abisambra Borrero komisarioaren eta Ines Medinaren arteko solasa jasotzen duena. Solas horrek artistaren ibilbidea errepasatzen du, Bilboko Arte Ederren Goi Eskolako ikasle zela sortzen hasi zitzaizkion lehen kezketatik gaur arte.
2025eko ekainaren 1ra arte egongo dira ikusgai Medinaren lanak, asteartetik ostiralera, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara, eta larunbata, igande eta jaiegunetan 11.00etatik 20.00etara. Sarrerak eskuragai leihatilan eta online.
Ubicación
Artium Museoa
Frantzia Kalea, 24
Gasteiz. Araba