Keia eta Kaskezur Bonberenean
Fecha
29.11.24 - 29.11.24
Lugar
Gipuzkoa - Tolosa
Keia eta Kaskezur taldeak indarrak batuko dituzte ostiral gauez Tolosako Bonberenean aritzeko. Bi taldeek disko berriak aurkeztuko dituzte emanaldi honetan, gaur egun gurean egiten den musikaren adierazle. Emanaldia 22.00etan hasiko da eta sarrerak Bonberenean bertan eskuratu daitezke 21.30etik aurrera 10 euroen truke.
Kaskezur
Disko berria dakar besapean Kaskezur talde nafarrak. ‘Deus’ izena darama taldearen iraupen luzeko bosgarren diskoak, eta Usopop zigiluaren babesean ikusi du argia berriki. Musikalki 90eko hamarraldiko rockean sakontzen du taldeak, batzuetan giro poperoetara bideratuz erritmoak, eta besteetan distortsio pedala zapalduz oldarkor eta zikin.
Diskoa Bera herriko Atala estudioan grabatu da soinu mahaiaren beste aldean Iñigo Irazoki aritu delarik. 2004 urtean ekin zioten bideari, eta dagoeneko hogei urteko ibilbidea osatu du Kaskezur taldeak. Urte hauetan guztietan diskoak eta zuzenekoak tartekatu dituzte, bidean, zenbait taldekide aldaketa jasanez. Egun laukotea da banda, eta formazio berarekin grabatzen duten hirugarren diskoa da ‘Deus’.
Keia
Keia taldeak ere disko berria taularatuko du Bonbereneako agertokian. Ane Arruti musikari zarauztarraren kantu zirriborro batzuetatik tiraka sortzen da Keia taldea 2020. urte inguruan. Arrutik bakarka sorturiko kantuak janztea izan zen lehen helburua, eta bide horretan Egoitz Olalde (bateria), Iñigo Ibarrondo (baxua) eta Iker Martinez de Zuazo (gitarra) oñatiarrak batu ziren egitasmora.
Bidean bi disko luze kaleratu dituzte, horietako azkena Tolosako emanaldian aurkeztuko duten ‘Zamalanak’ lana. Haritz Harreguy soinu teknikariaren agindupean grabatu da diskoa, eta bertan 8 kantu biltzen dira 30 minutuko iraupenean. Musikalki rock giroetara bideratzen ditu Keia taldeak bere doinuak, beti ere, rock zabala eta anitza.
Ubicación
Bonberenea
Bonberenea
Tolosa. Gipuzkoa