Euskal Herriko zein nazioarteko eskulturgintza garaikidearen lagina, Tabakaleran

Fecha

24.02.24 - 02.06.24

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Sahatsa Jauregi (ezkerretik bigarrena) bere obran Tripak konpainiako hainbat kiderekin.
Sahatsa Jauregi (ezkerretik bigarrena) bere obran Tripak konpainiako hainbat kiderekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tokiko zein nazioarteko eskulturgintza garaidearen lagina aurkituko du bisitariak Tabakaleran larunbat honetan ateak irekiko dituen erakusketan. ‘Larruak eta izurrak’ (azalak eta tolesturak).

Hiru erakusketaz osatutako seriea egin asmo du Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Ostiral honetan hedabideen aurrean aurkeztutakoarekin jarri du abian egitasmoa.

June Crespo, Nora Aurrekoetxea, Sahatsa Jauregi, Kimia Kamvari, Yael Davids, Iman Issa eta Lucia Koch. Zazpi artista. Denak emakumeak. Belaunaldi berriko kideak, euren lekua egiten ari diren izenak. «Artista hauek oihartzuna lortu dute dagoeneko nazioartean, ikusizko hizkuntza propio bereizgarriari esker», nabarmendu dute Tabakalera arduradunek. Laura Valles Vilchez arduratu da erakusketaren komisariotza lanak egiteaz. 

Askotariko posizionamendu artistikoak. Ohiko erakusketa baino, praktika eskultorikoen zazpi proposamen dira, «materiala gorputzera mugiarazten dutenak» Vallesen esanetan
Gizakiaren gorputza, animalien gorputza eta gorputz mekanikoa ikertzen dituzten eta ukimena eta konexio emozionala berreskuratu nahi duten eskulturak, instalazioak eta gailuak ditu ardatz erakusketak. 

Materiaren eta espazioaren gaineko eta gorputzarekiko eta mugimenduarekiko harremanaren inguruko planteamendu bereziagatik dituzte komunean. Eta eskultura-jardunbidea alderdi performatibora hurbiltzeko joeraren isla dira.

«Hain zuzen ere, gorputzarekiko eta mugimenduarekiko hurbiltasun horrek eraman ditu artista horiek beste esparru batzuetako (hala nola performanceko edo arte eszenikoetako) beste artista eta kolektibo batzuekin lankidetza berriak ikertzera, eta beren piezekin elkarrizketa berriak sortzera gonbidatu dituzte», adierazi dute antolatzaileek.

Erakusketak «kontraesanak erakusten ditu indarkeriaren eta zaintzaren artean», adierazi du Vallesek, eta bertan dauden hiru galerietatik egiten den ibilbideak «begiradarako lekua ez ezik, bizitzeko gune biziduna eta bizigarria» izatea bilatzen du Vallesen esanetan.

Artistak

Metalak, hormigoiak, erretxinak, artileak eta odol-hautsak. Ohikoan eraikuntzan erabiltzen diren materialen erabilpenak arreta pizten du. «Eskulturari datxekion arreta zein bortizkeria agertzen dute», nabarmendu dute. Altzairuzko egitura aurkeztu du Sahatsa Jauregik. Hormigoizko instalazioak June Crespok.

Tripak izeneko arte eszenikoen konpainiako kideekin partekatutako esperientzia bat islatzen du Sahatsa Jauregik ondutako altzairuzko obrak. Andrea Berbois, Maite Mugerza, Marina Suarez eta Natalia Suarez dira kideak eta Jauregik, haiekin batera, tresnen, berunaren, protesien, armen eta gerren irudiak gogora ekartzen dituen dramaturgia bat sortu du. Hiru aldiz ikusi ahal izango da, erakusketaren hasieran, ardatzean eta amaieran.

‘Manual para el uso de Core’ (2021-2024) izenburupean altzairuzko bidoien kofratuetan oinarrituta sortutako hormigoizko hainbat eskultura sortu ditu June Crespok. «Eskulturak plazan bihurtu nahi izan ditu. Gorputzaz begiradaz harago gozatzearen ideiari lotua dago», adierazi du komisarioak.

Horrez gain, Maddi Barber zinemagilearekin elkarlanean egindako bideoa dago ikusgai, prozesu osoaren erregistroa. Materiala erauzten denetik finkatzen den arte. Beatriz Setien, Maia Villot eta Antonio Menchenen gorputzen performanceak ere bildu ditu. 

Obren ‘aktibazioa’

Aipagarria da erakusketaren izaera aldakorra. Izan ere, Clara Monterok, Tabakalerako zuzendari artistikoak adierazi bezala, hainbat ‘aktibazio’ izango ditu, galerietan bertan zuzeneko esku-hartzeak egingo dituzten artisten eta dantza eta performance kolektiboen eskutik.

Tripak konpainiak eta Antonio Menchen, Beatriz Setien eta Maia Villot sortzaileek egingo dituzte ‘zuzeneko aktibazio’ horiek, asteroko saioak, proiekzioak edo arte garaikideko tailerrak biltzen dituen jarduera paraleloen programa baten barruan.

Nora Aurrekoetxeak, bere aldetik, maitasunaren eta zaurgarritasunaren arteko erlazioa ikertu du bere piezen bidez. Hormigoizko olana eta eskuoihalak erabiliz, elkarren mendekotasun emozionalari eta minari aurre egiteko babesari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen du ikuslea. Maitasunaren izaeraren eta zoritxarrarekiko erresistentziaren inguruko zalantzak pizten ditu bere obran artistak.

«Azal modura lur gainean jartzen den materiala da zementuzko oihala. Eraikuntzan eta errepideko lanetan erabiltzen da. Bost ordu dituzu lanerako gogortu arte eta sortzen diren tolesturak interesgarriak dira behin behinekotasuna islatzeko», azaldu du artista bizkaitarrak.

Etxe inguruan aurkitzen dituen egunerokotasuneko objektuei erreparatzen die sorkuntza artistikoan. Oraingoan, gortinei. «Ezkutaketan lobekin jolasten dudanean oihala erabiltzen dute euren euren burua estaltzeko», kontatu du.

Kimia Kamvariren lan artistikoa bizitzaren eta heriotzaren arteko mugari buruzko gogoeta bat da. Hil ondorengoak diruditen uneak harrapatzen ditu. Tabakaleran, giza alderdiaren eta alderdi naturalaren arteko erlazioa ikertzen duten irudiak erakutsi ditu Kamvarik –abereen bizkarra mendiko hegalekin bat eginik–, eta zeluloide sentikorra erabiltzen du gure garaiko larrialdi globalak adierazteko.

«Behiaren materialetatik –esnetik hasi eta odoleraino– abiatu naiz hausnarketa egiteko. Gaur eguneko bortizkeria egoerekin zerikusia duten kontuen erantzunen bila joan naiz hiltzearen ekintzari lotutako galderak eginez», kontatu du artistak.

Lucia Kochek oroimenaren etorria eta arkitekturaren sendotasuna uztartzen ditu bere lan artistikoan. Eskulturen, instalazioen eta argazkien bitartez, denboraren joana islatzen duten espazio sentikorrak sortzen ditu. ‘Sans fin’ (2022) lanean, lurrarekin bat egindako kolore gorriz –odolez– tindatua, denboran esekitako jolas iragankor baten modura dago ikusgai erakusketan. Aurora Fernandez Polanco arte-kritikariaren iritziz, Koch-ek produkzio-baldintza materialak eta bizitzaren formak islatzen dituzten izur batzuetan biltzen du bere obra, eta munduan bizitzeko moduari buruzko gogoeta bat eskaintzen du.

Iman Issak ikuslearen aurreikuspenak apurtzen ditu ‘Proxies, with a Life of Their Own’ –2019an hasia eta amaitu ez dena– izeneko seriearekin. Bertan, autorretratuak agertzen ditu, aldi berean beste figura batzuen erretratuak direnak. Issak kezka agertzen du artelanek beren testuingurua kontrolatzeko moduaren eta artelan horiek hautemateko moduaren inguruan, eta zalantzan jartzen du artelanen ustezko autonomiarik eza. Argazkilari gisa, objektu artistikoek berresteko eta beren pertzepzioa zehazteko azalpen bat behar dutela dioen ideia apurtu nahi du.

Yael Davids performanceko artista da, eta historia partekatuen artxibo gisa eta ‘ez jakiten’ ikasteko tresna gisa ikusten du gorputza. Davidsek bere familiarekin eta Madrilgo Centro de Acercamiento a lo Rural (CAR) izenekoarekin lan egin du, eta gaztaren fabrikazio-prozesuan bota egiten den artilea Feldenkraiseko saioetarako estera bihurtzeko gune bat sortzea izan du helburu. Tabakaleran, Sirah Badiola eta Paula Rodriguez hezitzaile somatikoen laguntzarekin, gorputzaren konplexutasunak eta giza esperientzia ikertzen dituen eskola bihurtuko du erakusketa-aretoa.

Jarduera-programa

«‘Larruak eta izurrak’ ez da erakusketa soil bat, eta esperientzia artistikoan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu ikusleak zuzeneko esku-hartzeen eta programatutako jardueren bidez», esan dute Tabakaleratik.

Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 2a bitartean. Olatz Otalora artistaren lanarekin osatuko da. Komisarioak gonbidatuta, prozesuaren dokumentazioa egingo du, eta erakusketako proiektuak Tabakalerak artistei laguntzeko eskaintzen dituen beste ekimen batzuekin lotuko ditu.

Zuzeneko aktibazioez gain, programa publikoak bisitarien esperientzia aberasteko diseinatutako hainbat jarduera eskainiko ditu. Besteak beste, honako hauek aipa daitezke: Feldenkraiseko saioak astean behin, erakusketa-aretoan bertan (Sirah Badiola eta Paula Rodriguez hezitzaile somatikoekin), arte-tailerrak familientzat, bisita-solasaldiak, arte garaikideko ikastaroa (Arte-makina), hezkuntza-komunitateari zuzendutako ikastaro bat eta zinema-emanaldiak.

Ordutegia honakoa da: asteartetik igandera 12.00etatik 14.00etara eta 16.00etara eta 20.00etara. Erakusketa aretoa lehenengo solairuan dago. Sarrera doan.

 

Ubicación

Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa