‘Lurrez estali’, Axut! kolektiboaren begirada poliedrikoa laborantzari

Fecha

31.05.24 - 30.06.24

Lugar

Nafarroa Behea - Izura-Azme

Arantza Hirigoien, antzezlanaren eszena batean.
Aktore talde zabala eta anitza du antzezlanak, tartean, Arantza Hirigoyen. (AXUT!)

Ehorzketa bat. Ezkilak, kabalak eta zakur zaunkak. Behe Nafarroan gaude, uda betean. Mendi artean, etxalde zaharkitu bat, zorrez gainezka. Familia bat bilduko da bertan, inoiz existitu ez den mundu baten nostalgiak erakarrita.

Beñat, Maitexa, Aña, Iban, Patxoi, Paxkalin, Petri, Janbattitt, Elena, Ekhi, Edurne... pertsonaien zerrenda luzea da. Haien larruan, makina bat aktore: Ramon Agirre, Amaia Arbeletche, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Xumai Gorostiaga, Arantxa Hirigoyen, Maitexa Iriarte, Jean- Marie Irigoin, Miren Tirapu, Iñaki Ziarrusta eta Oier Zuñiga.

‘Lurrez estali’. Hauxe Axut! kolektiboaren faktoriaren emaitza berria. Ostiral honetan estreinakoz eskaini ondoren ekaineko lau asteburuetan –ostiraletik igandera, 20.30ean– ikus ahal izango dute bertaratzen direnek. Heldu zein ikastetxeetako ikasleei zuzendutako emanaldiak izango dira.

Oso pozik da Ximun Fusch antzezlanak izandako erantzunarekin. Berak idatzi eta zuzendu du obra. Ondoan izan ditu konpainiako gainontzeko kideak: Manex Fuchs anaia, Arantza Hirigoien eta Argi Perurena. Azken hau eta Iasone Parada arduratu dira ekoizpenaz, David eta Danel Bernuesek eta Iñaki Ziarrustak dieseinatu dute argiztapena eta Philippe Barandiaranek soinua.  

Agertoki bakarra

Maiatzaren 31n ikusiko du argia antzezlanak. Berezia da inondik ere proiektua, Izura-Azmen bakarrik eskainiko baitute taldekideek. Latsaga Gaztelua kasik beste pertsonaia bat da obran, ‘site specific’ formatuaren aldeko apustua eginez. Propio lekurako idatzia da lana eta kokalekuarekin harreman estua du gertatzen denak.

Hiru hilabeteko bidearen ostean Latsagan –zalditokia egun– hilabetez egongo dira Axut! konpainiako kideak. Antzezlana talde lanean sortu da. Eszenografiak, zaldiak, baserriko tresneria errealak eta musikak, denak, izan du eragina sortze prozesuan. «Antzerki-fikzioak ezinbestekoak dira, posiblearen eta ezinezkoaren arteko oreka aurkitzeko bidean», diote.

Euskal kulturaren muina

«Lurra, lurreko jendea, laborariak, gure kulturaren muinan daude. Antzerkian guti aipatzen diren eta oholtzen guti ikusten diren jakintza eta jokabideak dituzte laborariek. Gure jokolari amateur anitz laborariak dira, eta alta, kultura ofizialaren eremuan aski ikusezinak dira. Guk etxaldean ‘plantatu’ nahi genuke, egungo etxaldea kontatu, erran eta taularatu. Lur bat ukaitearen zailtasun erran (etxebizitzen prezioek laborantza-lurrak erosezin bihurtu baitituzte). Lana, lotsa, umiliazioa erran, eta jatorriaren harrotasuna, kabalak erran, eta lurraren kultura erran», adierazi dute Axut! kolektiboko kideek.

Europan gertatutako istiluak urte luzez bizitako haserrearen eta suminduraren isla dira taldekideen esanetan. «Honaino pairatu dute gaixotasuna, mespretxua eta zoriaren patua. Orain, mundua eta mundua eramaten dutenen mekanikak irauli nahi dituzte, eta gure gizartearen parte izan».

Gaia gordin aurkeztuko dute ohikoa duten lez. Aktore ugari taula gainean, nekazarien lekukotasunen bidez osatutako egia azaleratu nahian. «Antzezlanaren lehengaia aberasteaz gain, komunitatearen eta artisten arteko loturak sendotu ditu horrek, antzerki sorkuntzako kide izatearen eta partehartze kolektiboaren sentimendua sortuz», nabarmendu dute.

«Ikusezinak bilakatu diren gorputz eta arimak ikusgarri izanen dira espazio publikoan beraien intimitaterik zintzoenean», gaineratu dute.





Ubicación

Latsaga Gaztelua
64120 Ostabat-Asme
Izura-Azme. Nafarroa Behea