‘Lurrina Balenciagaren garaian’ erakusketa, usaimenaren bidezko kronologia bat

Fecha

28.05.24 - 08.12.24

Lugar

Gipuzkoa - Getaria

Lurrinez gain, makillajerako tresnak eta ontziak ere ikusgarri daude museoan.
Lurrinez gain, makillajerako tresnak eta ontziak ere ikusgarri daude museoan. (Balenciaga Museoa)

«Perfumea modaren behin betiko osagarri ikusezina da» esan zuen Chanelek, eta ohikoena ez bada ere, lurringintzaren mundua iritsi da erakusketa aretoetara. Museoetan ikusmena argi mantentzeko saiakerak egin ohi dira, baina kasu honetan, usaimena izan beharko da prestatu beharrekoa.

Getariko Cristobal Balenciaga museoan ‘Lurrina Balenciagaren garaian’ erakusketa aurkeztu dute ostiral goiz honetan, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza sailburuak, Igor Uria erakusketako komisarioarekin batera. Balenciagaren bizitzarekin bat datorren kronologian oinarrituta, erakusketak perfume modernoaren historia azaltzen du, 1895-1972 bitarte.

Lehen aldia da lurrinaren inguruko erakusketa hartzen duela Aldamar Jauregiak, eta Zupiriak gaineratu du lehen aldia dela Euskal Herrian zein espainian lurrinaren inguruko horrelako erakusketa bat egiten dela.  Anne de Thoisy-Dallemmen eta Juanjo Ruiz-Crivilléren kolaborazioarekin osatu dute erakusketa, «beraiek urteetan egindako bildumak eta jakintzak» lagundu die erakusketa prestatzen.

Hiru erakusketa-aretok osatzen dute lurringintzaren inguruko erakusketa hau. Guztira 800 pieza biltzen dira, «goi-mailako lurringintzako piezez gain, XIX.mendearen bigarren erdialdetik aurrera kimika sintetikoaren aurrerapen ikusgarriez baliatu zen negozio hasiberri horren berezko osagarriak jasotzen dira. Askotariko artisau, diseinatzaile eta artistek sortutako ontziak, kutxak, hauts-kaxak, erakustokiak eta publizitate materiala, horietako batzuk, benetako artelanen mailan daude».

Kronologia bat

Uriak kontatu du, Balenciagak bere azken urteetan oso elkarrizketa gutxi eman zituela, eta eman zuen azkenetako batean lurrina izan zuela aipagai. Getariarrak Casa Torreseko markesari usaindu ziola lehen aldiz «goi mailako lurrun bat» azaldu omen zuen. Garai hartan Casa Torreseko markesak uda Getarian igarotzen zuen, eta elizatik ateratzerakoan, kalean gora zihoazela usaindu eta jakin omen zuen azken tendentzien berri.

Hiru aretotan banatzen da lurringintzaren inguruko erakusketa. Lehenengoa, XIX. mende amaiera eta XX.aren hasieran kokatzen da, «lurrigintza modernoaren sorreran», azaldu du Uriak. Zati horretan ikusi daitezke 1895eko fragantzia etxeetako lurrinen ontziak, «inoizko ontzirik ederrena» bezala izendatutako ontzia bertan dago ‘Imperial russe’ izenekoa, txanpain botilaren tapoia duena.

Lurrin ontziez gain, makillaje eta krema ontziak ere badaude. Eta baita publizitate orriak zein irudiak ere. Garai horretan, lurrundegien erakusleihoak ere aldatzen hasi ziren, modernitatearekin batera, eta horiek argazki bidez erakutsi dituzte. Donostiari keinua ere jasotzen da zati honetan, izan ere, Balenciaga Venegas izeneko bizartegira joaten zen, Gipuzkoako hiriburura, eta bezeroak atondu ostean emateko perfume bat sortu zuten. Denborarekin lurrindegia ere bihurtu zen Venegas.

Arropak eta lurrinak

Moda diseinatzaileak eta lurrinak elkartzen ditu bigarren aretoak, Chanel, Dior edota Balenciaga bera izan daitezke adibide ezagunenak. Museoan aurrera egin ahala, denboran ere aurrera egiten du bisitariak eta gizarteko aldaketak ere ikus daitezke. Esate baterako, bigarren areto honetan ontzi guztiak «probisionalak» dira, eta guztiek kristalezko ontziak birziklatzeko dei egiten duen pegatina bat dute. II. Mundu Gerraren garaia dela da horren arrazoia. Bestalde, emakumeak kalean makillatu zitezkeenez, makillaje hautsak jasotzeko ontzi eramangarriak ikus daitezke, edota hanketan emateko hautsezko makillajeak.

‘Le Dix’, 1947. Hori da Balenciagaren lehen lurrina, eta lehen jantzi denda irekitzearekin batera jarri zuen salgai. Francis Fabron perfumegileak egin zuen Balentziagaren esanetara «perfume gozo eta erromantikoa, Pierre Caminen kristal ildaskatuzko diseinuaz lagunduta». Orduz geroztik, beti ontzi bera erabili zuen Balenciagak, etiketa bakarrik aldatzen zion. Areto honen amaieran, bada beste bitxikeria bat, Balenciagaren lurrinaren 1951ko publizitatea, «oso arraroa da diseinatzaile batek bere lurrinaren publizitatea egiteko bere irudia erabiltzea, eta kasu honetan, hala egin zuen Cristobalek», azaldu du Uriak.

Azken aretoa da esperimentalena: sarreran zazpi usain familiak azaltzen dira eta, ondoren, aretoaren erdian hamar lurrin ontzi, barruan garai bakoitzeko lurrin batekin. Uriak azaldu du Versaillesen dagoela lurrinen lehen kontserbatorioa, Osmothèque izenekoa, eta bertan egiten den lanari esker lortu dituztela fragantzia horiek erantsi du.

Komisarioak kontatu du, garaiko modaren eta zaletasunen baitan egindako lurrinak direla, eta beraz, normala dela, orain usaintzerakoan ez gustatzea. Garai bakoitzak «modako usain» bat omen du, eta horretara «ohitzen» garela gaineratu du. Hamar lurrin horien artean aurkitu dateke Balentziagak erabiltzen zuen bat, eta bere enkarguz sortutako beste bat.

Museoaren azken lanak amaituta

Zupiriak azaldu du erakusketa honekin, bi urtez Aldamar Jauregia berrantolatzeko proiektua amaitu dutela, «inbertsio garrantzitsuak» egin ostean. Horrela, Balenciaga museoak lau atal nagusi izango ditu hemendik aurrera: Balenciagaren beraren alde biografikoa, museoaren beraren bildumak, aldizkako erakusketak- momentu hontean Balenciagaren eta Chillidaren arteko elkarrizketa dago ikusgai- eta ostiral honetan ireki den sala berria, «Balenciagaren sorkuntzari testuingurua emango dioten erakusketekin».

Ubicación

Cristobal Balenciaga Museoa
Aldamar Parkea, 6
Getaria. Gipuzkoa