Oarsomusika jaialdia Errenterian
Fecha
30.11.24 - 30.11.24
Lugar
Gipuzkoa - Errenteria
Larunbatean Oarsoinua jaialdia ospatuko da Errenteriako Lekuona fabrikan. Honakoa hamabigarren edizioa izango da eta lau taldez osaturiko afitxa aurkeztu dute aurtengorako, Peedoh, Trilita, Koma eta Anestesia taldeek osatuko dute kartel zaratatsua. Emanaldia, nola ez, OarsoMusika elkarteak antolatu du, Errenteriako musika giroa eta bertako musika taldeak sostengatzea helburu duen elkarteak. Emanaldi honetarako sarrera guztiak amaitu dira jada.
Koma
Agertokietara itzuli zenetik, geldiezin dabil Koma talde nafarra. 1994. urtean sortu zuten banda Brigi, Rafa, Natxo eta Juankar musikariek, eta egun, 30 urte beranduago, talde formazio berdinarekin taularatuko dira Lekuona fabrikan. ‘Una ligera mejoría antes de la muerte’ diskoa besapean itzuli da Koma banda 2024 urtean honetan, eta geroztik ez dira agertokietatik jaitsi.
Dagoeneko 40 kontzertu eskaini ditu bandak 2024 honetan disko berria aurkezten, eta 2025. urterako beste hamabost emanaldi hitzartu ditu laukoteak. Izan ere, 30 urte bete dira taldea sortu zenetik, tartean 10 urte kontzerturik eskaini gabe egon eta gero. Indartsu itzuli da banda, eta sarrerak amaitu dira jo dituen emanaldi bakoitzean.
Azken heriotza
Forma onean dagoen beste talde bat Anestesia da. 1988 urtean eman zituzten lehen pausoak, eta etenaldi handirik gabe, tinko eutsi diote taldearen musika bideari urte hauetan guztietan. Abiadura biziko thrash metal musikan abiatu zuten bidea, hardcore oldarkorrean barneratuz, erdi tenpoko kantu sakonekin uztartuz, beti, ere, Anestesia taldeak duen identitatearen barnean. Taldeak aurten eskainiko duen azken aurreko emanaldia izango da honakoa, beraz, aukera ederra izango da honakoa banda zarauztarra zuzenean ikusteko. Abenduaren 14 gauean agurtuko dute urtea Azkoitiko elkargunean eskainiko duten emanaldian. ‘Azken heriotza’ biraren barnean kokatzen dira emanaldi hauek.
Etxeko taldeak
Emanaldia Peedoh taldeak zabalduko du arratsaldeko 18.00etan. Maider eta Abuelo dira Peedoh, eta musikalki hardcore basatia lantzen dute gitarra, bateriaz eta zakur ahotsez. Taldearen diskografia kasete formatuko hiru lanez osatua dator, eta bertan kantu azkar eta zuzenak entzun daitezke.
Euskal Herrian ez ezik, atzerrian kontzertu birak burutzen ditu taldeak, DIY filosofiari segika gune okupatu eta autogestioan oinarritutako zentro sozialetan zehar. Gaueko laugarren taldea Trilita izango da Errenteria bertatik. Hiruko formatuan, eta 2019. urtetik martxan, punk, hardcore eta metal musika dute oinarri, erritmo hauen nahasketa arriskutsu bezain indartsua jorratuz.
Ubicación
Lekuona fabrika
Lekuona fabrika
Errenteria. Gipuzkoa