Oreixe Akustikoak Arrasaten

Fecha

13.09.24 - 15.09.24

Lugar

Gipuzkoa - Arrasate

Karmento, ‘La Serrena’ disko berriaren promozio argazkian.
Karmento, ‘La Serrena’ disko berriaren promozio argazkian. (JUAN PEREZ FAJARDO)

Irailarekin batera bueltan da Arrasaten Oreixe Akustikoak musika zikloa. Urteak atzera Kulturate Akustikoak izenpean ospatzen zen honako kontzertu sorta, eta egun, areto aldatzearekin batera, izen berria hartu du ekimenak. Pasa den asteburuan Yo Diablo, Ekhi Lambert eta Habia aritu ziren zuzenean, eta bigarren honetarako ere musika eskaintza ederra prestatu dute. Ostiral arratsez Las Nietas de Charli ariko dira zuzenean. Larunbatean, Erromintxelak taldearen txanda izango da, eta igandean itxiko da musika zikloa Karmentoren saioarekin. Zuzenekoak Juan Arzamendi Musika Etxearen Auditoriumean burutuko dira, eta emanaldi guztiak 19.30etan hasiko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude 5 euroen truke.

Las Nietas de Charli

Izen bitxi honen atzean Maria eta Raquel Rubio ahizpak ezkutatzen dira. Madril hiritik dator bikoa eta besapean ‘Faro’ izeneko debuteko diskoa dakartzate. Musikalki folk giroetan sakontzen dute, eraginen artean Jose Gonzalez, Perota Chingo, Club del Rio edota Elliot Smith musika koordenadetan. Giro akustikoak nagusi, ahotsen presentzia handia da bikoaren abestietan.

Erromintxelak

2021ean Arrasaten sortutako Swing eta gipsy taldea da Erromintxelak. Taldeko kideak dozenaka musika abenturetan ibili izan dira urteak atzera, baina Erromintxelak egitasmoarekin musika territorio berrietan murgildu nahi izan dute. Laukote moduan taularatzen da banda, eta diskografia laburra izan arren, ordu beteko saioa eskaintzen dute zuzenean. Pasa den neguan ikusi zuen argia taldearen debutekoak, bi kantuz osaturiko binilo txiki bezain ederra.

Karmento

Carmen Toledo da Karmento. Bogarra (Albacete) hirian sortu eta hazia, ‘La Serrena’ disko berria aurkeztuko du Arrasaten eskainiko duen emanaldian. 2012 urtean abiatu zuen musika bidea, eta ‘neofolclore’ bezala definitzen ditu bere doinuak, folketik haratago doazen giro abangoardistak jorratuz. 2023an Benidorm Fest jaialdi esanguratsuan aritu zen, ikuslegoaren saria lortuz, eta eskaintzen duen zuzeneko bakoitza esperientzia harrigarri bat omen da. Asteburua Euskal Herrian emango du, eta bide horretan, Getxo Folk jaialdiaren barnean eskainiko du saioa larunbat eguerdiz.

Ubicación

Juan Arzamendi Musika Etxea
Juan Arzamendi Musika Etxea
Arrasate. Gipuzkoa

Enlaces