Ostegunean: Moxal, Murgi, Ezezez, Zeker, Kadira...

Fecha

07.12.23 - 07.12.23

Lugar

Bizkaia - Durango

Zeker taldeko lau kideak disko berria aurkeztuko dute.
Zeker taldeko lau kideak disko berria aurkeztuko dute. (OIER ARREGI)

Datozen egunetan Durangoko Azoka Euskal Herriko musikagintzaren topaleku nagusi bilakatuko da. Landako Gunean disko berriak erosteko aukera izango da, eta Ahotsenea gunean, disko berriak kaleratu dituzten 57 talde zuzenean ikusteko parada bikaina. Asteazkeneko goizeko 11.00ean hasiko dira emanaldiak eta 22.00ak bitarte musikak ez du etenik izango. Talde bakoitzak 30 minutuko saioa eskainiko du. Sarrera doakoa da edukiera bete arte. Bigarren eguneko musika eskaintza ederra da zinez.

Erritmo goxoekin hasi

13.20etan hasiko da osteguneko musika eskaintza Ahotsenean eta Xabi San Sebastian musikariak izango du horren ardura. Musika ibilbide luze bezain oparoa du gipuzkoarrak, eta ‘Betazalak’ lanean folkean sakontzen jarraitzen du. Kadira taldea ere, egitasmo pertsonal batetik abiatzen da, denborarekin banda bilakatzeko. Lorea Zulaika musikariak abiatu zuen egitasmoa, eta esku artean du jada taldearen izen bera daraman debuteko lana. Ondarrutik dator Braulio taldea, eta musikalki rocketik haratago doazen kantuan bildu dituzte taldearen estudioko bigarren emaitzean. ‘Lur azpira itzuli’ izena darama lanak, eta zuzenean eztanda egingo dute bertako kantuek.

Bakarako egitasmoak

Bestelako giroetan etorriko da Murgi taldea. Tristtan Mourguy musikari lapurtarra gidari, hiruko formatuan taularatzen da egun banda. Eta ‘Hain zuzen ere’ diskoa aurkeztuko du emanaldi honetan. Segidan, Hanot Mindegiaren Moxal egitasmoa ezagutzeko aukera izango da Ahotsenean. Urteak atzera Audience taldeko kide izandakoa, urte batzuk daramatza bakarkako bidean, esperimentazio eta atmosfera ezberdinekin jolasean. Zuzenekoetan bandaren laguntza izan ohi du, kantuei beste dimentsio bat emanez. Giro elektronikoetan ariko da Mikel Iraeta musikariak gidatzen duen Zatibi egitasmoa ere, ‘Odd’ izeneko diskoan giro dantzagarriak batu ditu, zortzi abesti berrietan barna.

Gitarrak zorroztuz iritsiko da Zeker taldea Ahotseneara. Elorrioko bandak ‘Su hartu bitartean’ diskoa grabatu zuen Lorenzo records estudioan, eta autoekoizpen moduan argitaratu dute lana. AEB-etako punkrock giro melodikoetan barna ariko da laukote gaztea. Osteguneko egitaraua Ezezez taldeak itxiko du ‘Katuzaldia’ lan berria taularatuz, 70eko psikodeliaren nostalgiatik grunge berritzaileraino doan lanean.

ABENDUAK 7 OSTEGUNA

13:20 – 13:50 XABI SAN SEBASTIAN
14:30 – 15:00 KADIRA
15:40 – 16:10 BRAULIO
16:50 – 17:20 MURGI
18:00 – 18:30 MOXAL
19:10 – 19:40 ZATIBI
20:20 – 20:50 ZEKER
21:30 – 22:00 EZEZEZ

Ubicación

Ahotsenea
Landako Gunea
Durango. Bizkaia

Enlaces