Seohyun Kim biolinistak parte hartuko du EGOren udako biran

Fecha

18.07.24 - 22.07.24

Lugar

Gipuzkoa - Hondarribia

Asteazken honetan jakinarazi du EGOk udako topaketaren egitaraua.
Asteazken honetan jakinarazi du EGOk udako topaketaren egitaraua. (IREKIA)

Euskal Herriko Gazte Orkestra udako topaketa prestatzen ari da buru-belarri. Topaketa honek 10 egunez 100 pertsona baino gehiago elkartuko ditu, orkestrako musikari gazteen eta irakasleen artean.

Egonaldi artistikoa uztailaren 12an hasi da eta egun horretan bertan ekin dio orkestrak udako bira osatuko duten bost kontzertuetarako entseguei. Ruben Gimeno zuzendari artistikoaren gidaritzapean, emanaldi hauek eskainiko ditu EGOk: Hondarribia (uztailak 18, 19.00), Azkoitia (uztailak 19, 20.00), Donostia (uztailak 20, 19.30), Bilbo (uztailak 21, 19.30) eta Gasteiz (uztailak 22, 19.30).

EGOren udako topaketaren aurkezpen ofiziala egin da asteazken honetan, eta bertan izan dira Seohyum Kim biolinista bakarlari gonbidatua; Ruben Gimeno EGOko zuzendari artistikoa; German Ormazabal EGOko koordinatzaile nagusia; Iban Garate aktore eta aurkezlea eta Ibone Bengoetxea Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Seohyun Kim korear biolinista gaztearen parte-hartzea aipatzekoa da. Tibor Varga Nazioarteko Biolin Lehiaketaren azken edizioa irabazi zuen eta Gilbert Vargak (Tibor Vargaren semea eta hamar urtez Euskadiko Orkestraren zuzendari izandakoa) utzitako instrumentua darabil Seohyunek.

15 urterekin Seohyun Kimek Txaikovskiren ‘Biolinerako kontzertu’ exijenteari egingo dio aurre. «Bere generoko kontzertu txalotuenetako bat da hau eta, gure iritziz, instrumentu honetarako historian idatzi den onenetako bat ere bai», adierazi dute gaur. Obra estreinakoz interpretatuko du orkestrak.

Soilik birtuosoenen mailan dagoen partitura hau errepertorio erromantikoaren gailurrean dago. Izan ere, Seohyun musikariaren hitzetan, «pieza hau benetan berezia da niretzat, duen sakontasun emozional eta teknika bikainagatik. Gogo handia dut euskal entzuleekin partekatzeko. Esperientzia ahaztezina izango delakoan nago!».

Korear gazteak, gainera, EGOk lagunduta jotzea ohore handia izango dela nabarmendu du: «Lehen aldia izango dut Euskal Herrian, eta ohore handia da Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin jotzeko aukera izatea. Asko emozionatzen eta pozten nau euskal publikoa orkestrako kideekin batera ezagutzeak. Une bereziki zoriontsua izango delakoan nago». ‘Erakusketa bateko koadroak’ obrak osatuko du programa.

Orkestrazio bikainarekin, M. Mussorgky konpositoreak pianorako konposatu zuen hasieran, bere lagun mina zen margolari baten erakusketa bateko pinturei omenaldia egiteko. Hainbat urte geroago, Maurice Ravel konpositoreak orkestrazio distiratsua erantsi zion eta gaur egun ezagutzen dugun musikalitatez jantzi zuen obra.

Ruben Gimenoren arabera, obra «pianorako idatzita dauden musika piezetatik orkestrazio eta moldaketa gehien inspiratu dituenetako bat da». Are gehiago, maisuaren arabera, «Ravelen bikaintasun eta sofistikazioak entzuleen eta interpreteen obra kutunen artean kokatu du».

Bertsio berritzailea

Euskal orkestra gazteak bertsio berritzaile bat eskainiko du, Iban Garateren narrazioaz lagunduta. Bere ahotsak publikoa gidatuko du paseo musikal honetan, obra goren hau osatzen duten margolanek pizten dituzten sentsazioak hitzetara ekartzeko.
Seohyun Kim - Gilbert Varga - Euskadi konexioa

Biolinista gaztea bertan arituko den lehen aldia izan arren, Seohynek badu nolabaiteko lotura Euskadirekin, Gilbert Vargarekin duen harremana dela eta, 1998tik 2008ra Euskadiko Orkestraren zuzendari izan zena. Izan ere, Gilbert Varga eta Seohyum Kimek harreman estua dute biolinista gazteak 2023an Tibor Varga lehiaketa irabazi zuenetik. Biolinista eta orkestra zuzendari hungariarraren semeak bere aitarena izandako biolina ere uzten dio Seohyun gazteari.

EGOren topaketak bi musikari hauek berriz elkartzeko ere balioko du, Gilbert Varga Euskadira itzuliko baita Seohyum Kimek Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin emango dituen kontzertuetara etortzeko.

Ubicación

Itsas Etxea
Matxin Arzu Kalea, 1
Hondarribia. Gipuzkoa