Hiromi eta Kurt Rosenwinkekin osatu ditu Getxo Jazzak ordainezko kontzertuak
Fecha
03.07.24 - 07.07.24
Lugar
Bizkaia - Getxo
Getxoko 47. Nazioarteko Jazzaldia ordainezko kontzertuen programazioa osatu berri da. Uztailaren 3tik 7ra ospatuko den 47. edizioan Hiromi japoniar piano-jotzaileak ‘Sonicwonder’ bere azken proiektua aurkeztuko du eta Kurt Rosenwinkel gitarra-jotzailea izen handiko musikariak biltzen dituen laukote batekin arituko da.
Muxikebarri zentroak hartuko ditu saio nagusiak, eta horietan, publikoak aurrez iragarritako Stacey Kent, James Carter eta Bill Frisellen kontzertuez gozatzeko aukera ere izango du. Sarrerak eta bonua datorren astelehenean, apirilak 15, jarriko dira salgai Getxoko Kultur Etxeko ohiko saltokietan.
James Carterrek (1969, Detroit) irekiko du jaialdia uztailaren 3an. Saxofoi-jotzaile estatubatuarrak merezitako ospea lortu zuen Billie Holiday, Django Reinhardt edo Coltrane bezalako artista handien lanen berezko interpretazioen eskutik, eta oraingoan hirukote formatuan bisitatuko du Getxo, Alex White bateria-jotzaileak eta Gerard Gibb teklatu jotzaileak lagunduta.
Horiekin jazzetik abiatzen den zuzeneko indartsu eta bizia eskainiko du, jazzetik abiatu eta funk erritmoek markatutako soinu-lurraldeetaraino zabaltzeko. Saxo-gama osoa menderatzen du artistak, saxo altutik baritonoraino, eta klarinete eta klarinete baxuarekin ere trebezia handia erakusten du, erregistro guztiak hartzen dituen soinu ikusgarria garatzen duela.
Uztailaren 4an, ostegunean, Hiromi Uehara (1979, Hamamatsu) jazz modernoko piano-jotzaile eta konpositore berezienetako bat izango da. Bostongo Berklee College ospetsuan hezia, 2003an egin zuen debuta Another Mind diskoarekin, eta lan horretan artista berezia zela agerian utzi zuen. Besteak beste, Chick Corea eta Stanley Clarkerekin kolaboratu du, eta azken horrekin grabatu zuen Jazz Disko Onenari emandako Grammy saria, sarien 53. edizioan. Teknika birtuosoa garatu eta agertokian duen intentsitateagatik ezaguna, genero ugari uztartzen ditu bere konposizioetan, esaterako jazza, musika klasikoa, rock progresiboa eta fusioa.
Getxora egingo duen bigarren bisitan ‘Sonicwonder’ lanarekin dator, groove soinuez betetako diskoa, funka eta soinu elektrikoak jazzaren bitartez uztartzen dituena. Emanaldi honetarako Hadrien Feraud (baxua), Adam O 'Farrill (tronpeta) eta Gene Caye (bateria) musikariek osatutako laukotea izango du alboan. Proiektu berri honetan, Japoniako interpretearen trebetasun teknikoa eta inprobisatzeko gaitasuna eszenatokien gainetik erakusten dituen energia eta umorearen zerbitzura jarriko dira.
Biharamunean, uztailaren 5ean, Kurt Rosenwinkelen txanda izango da (1970, Filadelfia). Azken hamarkadako jazz-panoramako itzal handiko gitarra-jotzailea omen da musikari estatubatuarra eta dagoeneko klasiko bihurtu da, bere teknika miragarriari eta berezko talentuari esker, estilo eta asmamen handiko erregistro propioa garatzera eraman baitu. Perico Sambeat eta Joshua Redman bezalako musikarien ohiko kolaboratzaileak The Next Step eta Heartcore diskoa arrakastatsuak grabatu ditu, besteak beste.
Oraingo honetan, jazz modernoaren musikari onenetariko batzuk izango ditu kide Muxikebarrin: Mark Turner saxofoi-jotzailea, Ben Street baxu-jotzailea eta Jeff Ballard bateria-jotzailea. Rosenwinkel-Turner-Street-Ballard proiektua birtuosismoa eta gustu ona uztartzen dituen aliantza, modernitatea eta tradizioa bateratuz, belaunaldi ezberdinetako artistengan eragin handia izan duten lau musikariren eskutik.
Uztailaren 6an Stacey Kent (1968, New Jersey) abeslariaren txanda izango da. Getxo bigarrenez bisitatuko du eta lehen aldiz aritu zenetik hamar urte igaro ondoren, artistaren ibilbidek berdin darrai, mundu mailako jazz-ahots nagusien artean nabarmendu dela. Grammy sarietarako bi milioi disko baino gehiago ditu Kentek eta bere musikak generoko handikien esparruan bereizten duen sentiberatasun poetikoa du ezaugarri nagusia. Artista moldakorra, generoko klasikoak nahiz bossa nova eta pop doinuak interpretatzeko gai da, frantseseraz egiten duen errepertorio zabala ahaztu gabe.
Uztailaren 7an, igandean, Bill Frisell gitarra-jotzaile eta konpositoreak borobilduko du jaialdia. Artista eklektikoak, folk progresibo, musika klasiko, country eta noiseko doinuak jorratzen ditu, besteak beste. Erritmo paregabeak sortzeko hainbat efektu erabiltzeagatik ezaguna, bere ibilbidea sendotzen hasi zen Pat Metheny grabazio batean ordezkatu ondoren eta, bereziki, Paul Motian eta Joe Lovanorekin hirukotea osatu zuenean.
Forrmatu horretan, hain zuzen ere, arituko da Muxikebarrin, Tonny Scherr baxuan eta Kenny Wollesen baterian lagun dituela, inprobisazioa ardatza izango duen emanaldia eskaintzeko.
Bestalde, Jazzaldiaren 47. edizioko kartela Igor Sarralde Getxoko ilustratzaile eta komikigilearen lana da. Besteak beste, Kataluniako Museu Nacional d 'Art-en eta Bartzelonako Komiki Azokan egin ditu erakusketak, eta iaz Getxon ‘Sinestesia Drawing Band’ proiektua gauzatu zuen, Kultura Sormen Deialdiaren barruan.
Kultura Etxeak bultzatutako ekimen horretarako, zuzenean ilustratu zituen 2023ko jazz eta folk jaialdietako emanaldiak, bi ekitaldien testigantza grafikoa emateko asmoz.
Webgunean informazio gehiago.
Ubicación
Muxikebarri
Getxo. Bizkaia