XSakara, Bergaran eta Bermeon

Fecha

13.09.24 - 13.09.24

Lugar

Bizkaia - Bermeo

Xabier Gutierrez da XSakara.
Xabier Gutierrez da XSakara. (XSAKARA)

Uda beroa izan du XSakara egitasmoa gidatzen duen Xabier Gutierrez musikari bizkaitarrak. Makina kontzertu eskaini ditu gure herriko txosnagune eta jai eremuetan, eta asteburu honetan beste bi emanaldi gehituko ditu zerrendara. Ostiralean etxean ariko da, Bermeoko jaietan, Lamera gunean gaueko 22.00etatik aurrera Hofe x 4:40 taldearekin eskainiko duen emanaldian. Larunbatean, berriz, Bergaran joko du Etxekalte eta Lizartxo taldeekin batera, San Martin auzoko jaietan. Bi emanaldiak doakoak izango dira.

XSakara

Gaztea izan arren, musika bide luzea du bizkar gainean XSakarak. 16 urte baino ez zituela igo zen lehen aldiz agertoki gainera, eta geroztik, diskoak eta zuzenekoak tartekatu ditu, bidean uzta oparoa utziz. Hip Hop mugimenduan abiatu zuen bidea, eta beti elektronika giroetatik tiraka, musika koktelera zabaldu du, funka edo trapa bezalako erritmoetan sakonduz. Disko bakoitza bere unearen isla izan da, eta garapen etengabean musika giro berriak gehitu ditu bere musika unibertsora, beti ere, sustraiak eta nortasuna galdu gabe. Azken urteetan ‘Lurrikarak’ izeneko egitasmoan murgildua dabil, eta izen horren baitan argitaratu ditu azken kantu sorta. Zuzenekoetan biko formatuan taularatzen da, eta DJ mahaiaren atzean Iker Montero ‘Monet’ du lagun, baseak, sanpleak eta bestelakoak sartzeaz arduratzen den sortzaile gaztea. Bi emanaldi hauek denbora batean eskainiko dituen azken kontzertuak izango dira, eta beraz, aukera ederrak izan daitezke XSakararen doinuekin gozatzeko.

Ubicación

Lamera
Lamera
Bermeo. Bizkaia

Enlaces