XX. mende hasieran Donostiako txokoak moda pasarela bihurtu zireneko garaiak, irudietan

Fecha

21.06.23 - 15.10.23

Lugar

-

Ostegun honetan irekiko ditu ateak Kubo Kutxako erakusketak.
Ostegun honetan irekiko ditu ateak Kubo Kutxako erakusketak. (Jon URBE | FOKU)

Atzera begira jarri da Donostiako Kubo Kutxa aretoa. Fototekaren 50. urteurrena dela medio, XX. mendearen lehen hereneko bizimodu eta moda donostiarra ezagutaraztea helburu duen ‘Donostia, moda-eszena’ erakusketak ateak irekiko ditu ostegun honetan.

Miren Arzalluz Loroñok (Bilbo, 1978) egin ditu komisario lanak. Pallais Galliera Pariseko Modaren Museoaren zuzendaria da gaur egun ikertzaile eta historialaria. 2022tik, Aisia, Kultura eta Komunikazioko doktorea da Arzalluz. ‘Moda, ocio y performatividad en la Côte Basque (1854-1939)’ tesia aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean eta lan horretan oinarrituta dago erakusketa.

XX. mendearen hasierara garamatza erakusketak. 1915 eta 1935. urteen bitartean, justu 1936ko gerra lehertu aurretik, Donostian izandako moda-fenomenoa erakutsi nahi du. Urriaren 15a bitarte dago irekita.

Milioitik gora irudi Fototekan

1,5 milioi irudi eta objektu gordetzen dituen artxibategi handia da Kutxa Fundazioaren Fototeka. Udal Aurrezki Kutxak, 1973an, Photo Carte (gerora Fotocar) eta Foto Marin denda donostiarren funtsak erosi zituenean ekin zion bideari. Hortik aurrera, funts gehiago erantsi dira pixkanaka. Gipuzkoako memoria bisuala dokumentatzeko eta gordetzeko baliagarria da, baita gure lurraldeko argazkilaritzaren historia osatzeko ere.

Kutxa Fundazioaren argazki-funtseko ehundik gora argazki bildu dira erakusketan. Artxiboko bi funts nabarmenetakoak dira argazki guztiak: Photo Carte eta Foto Marin. Argazkiez gain, ikus-entzunezko materialak ere hautatu dira, garaikoak, irudi finkoei bizitza eman asmoz. Ikus-entzunezko materialak Euskal Filmotekak utzitakoak dira.

Moda, erabakiorra

Gipuzkoako hiriburuan aberatsek bizi zuten uda giroa islatzen du erakusketak. Irudiek erakusten digute moda ezinbesteko faktorea izan zela Donostia nazioarteko gune bilaka zedin aisiari eta sozializazioari dagokionez. Garai hartan euskal kostaldea turismo-lurralde gisa finkatu zen. Hala adierazi du Arzalluzek hedabideen aurrean. Donostiak eta Biarritzek modaren geografia berria osatu zuten. Gortesauak, aristokratak, politikariak, industriariak, intelektualak eta artistak, denek egin zuten bat hirian.

Kaleak, hiribideak, parkeak, lorategiak, paseoak, kasinoak, hotelak, antzokiak eta kafetegiak, guztiak bihurtu ziren modaren pasarela handi batean. Ikusi eta ikusia izatea zen gakoa. «Donostiako esperientziaren funtsezko alderdi bat zen eszena horietan jendea ikustea eta ikusia izatea, bai harreman sozialei zegokienez, baita moda-performance indibidual eta kolektiboen harira ere», nabarmendu du komisarioak.

Udaldia bi edo hiru hilabetez luzatzen zen garaiak ziren. Musika eta antzerki alorreko ekitaldiak, jaiak, kirol ekitaldiak… ez zegoen aspertzeko betarik. Kultur adierazpenez eta ekitaldi sozialez gain gune garrantzitsu ziren garaiko kirol jarduerak eta lehiaketak: Paris eta Londresen adibideari jarraiki, golfa, tenisa, poloa, uso-tiroa, zezenketak, zaldi lasterketak, estropadak, auto lasterketak…. baita pilota partidak eta herri kirol erakustaldiak ere.

Sei atal

Sei ataletan banatu da, gaiaren arabera, eta testuinguru sozial bakoitzean janzkera nola aldatzen zen erakusten du. «Izan ere, 1930eko hamarraldira arte, modak kode zorrotzak zituen, eta eguneko une bakoitzak bere janzkera propioa eskatzen zuen. Egunean bizpahiru alditan aldatzen zuten arropa», kontatu du Arzalluzek.

Donostiako Zabalguneko pisuak alokatzen zituzten moda etxeek euren jantzi bilduma berriak bertan aurkezteko. Horrekin batera, bezeroen eskaerari erantzun ahal izateko jostundegiak eta era guztietako osagaien –kapelak, eskularruak, bitxiak…– dendak euren ateak ireki zituzten.

Emakumeen bainujantzia apenas aldatu zen 1910eko hamarkadan, xehetasun txiki batzuk gorabehera. «Egiazko iraultza 1914an iritsi zen Donostiako hondartzara: emakume artista batzuek maillot ezaguna jantzi zuten —gizonen moduko mono bat, artile-puntuzkoa, zeina gorputzaren formetara egokitzen baitzen, eta agerian uzten zituen besoak zein zangoak—. 1920ko hamarralditik aurrera, hura izan zen bainujantzi nagusia», adierazi du.

Donostiako egonaldian, udazkenerako jantzi berriak ere erosten zituzten Donostiako moda-dendetan edo Miarritzen. Pariseko moda-etxe nagusiek beren sukurtsalak ireki zituzten bertan XX. mendeko lehen urteetan. Nazioarteko moda zentrua zen Donostia, garaiko hedabideak irakurri besterik ez dago, esan du Arzalluzek. «Hemen gertatzen zena garrantzitsua zen modaren arloan», azpimarratu du.

Victoria Eugenia erregina erabakiorra izan zen horretan. «Oso moda zalea zen», esan du.

Arzalluzek hainbeste maite eta miresten duen Cristobal Balenciaga Donostiak nazioarteko modan zuen pisuaren lekuko izan zen. «Hemen jaso zuen formakuntza eta hogei urtetan ez zuen Parisera joan beharrik izan. Gerrra Zibilak behartuta joan zen», gogoratu du.

Goi-joskintzako etxeek modeloak bidaltzen zituzten Euskal Herrira hipodromoko paseoan zebiltzan bitartean jantziak erakus zitzaten. «Batzuetan zail egiten da modeloak zeintzu diren jakitea, hain dira sofistikatuak bertaratzen ziren emakumeen jantziak», aitortu du historialariak.

Hamarkadak aurrera zihoazen heinean emakumea kirola egiteko askatasuna eskuratuz joan zen eta horretarako jantzi erosoa behar zuen. Sport modaren sorrera izan zen. «Kirolaren arlotik harago, laster asko korronte nagusia izan zen Pariseko zein nazioarteko modan», esan du Arzalluzek.

Garbi dio. Gipuzkoako hiriburua moda laborategia bihurtu zen. Hemen ikusten zuten moda proposamen berriek goi mailako hiritarren artean zuten onarpena.

Aipatzekoa da goi mailako hiritarrei bakarrik ez, haiek dotore ibiltzeko hain beharrezkoak ziren jostunei ere jarri izana fokua erakusketak. «Askoz gutxiago dira tailer barruan langileei egindako argazkiak, beraz, Fototekako artxibategietan aurkitutako irudi denak jarri ditugu ikusgai», esan du komisarioak.

Donostian moda-merkataritza loratzearekin batera, emakume askok –modistak, sastreak, kapelagileak, ebakitzaileak, probatzaileak, brodatzaileak, saltzaileak eta modeloak, besteak beste– modua izan zuten, industria indartsu horri esker, independentzia lortzeko, ekiteko eta sortzeko.

Erakusketa asteartetik igandera 12.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara bisita daiteke doan.
232 orriz osatutako katalogoa ere eman da argitara euskara, gaztelania eta ingelesez eta salgai dago.

Ordubeteko bisita gidatuak egingo dira larunbatetan, 17.30etan euskaraz eta 18.30ean gaztelaniaz. Doan da, baina izena eman behar da aldez aurretik.

Hitzaldiak

Hitzaldiak ere iragarri dira. Ostegun honetan, 18.30ean, ‘Euskal kostaldea, tendentzia eta ideia berrien laborategi’ gaia aztertuko du gaztelaniaz Arzalluzek. Doain da, baina izena eman behar da webgunean.

Horrez gain, Kutxa Kultur Modarekin elkarlanean lau diseinatzailek –Tytti Thusberg, Kotoi, Amarenak eta Fanny Alonso– euren proiektuak azalduko dituzte aretoan erakusketak irauten duen bitartean. Doan da, baina izena eman behar da webgunean.

Ubicación



.