Yayoi Kusamaren unibertsoak bereganatu du Bilboko Guggenheim Museoa

Fecha

27.06.23 - 08.10.23

Lugar

Bizkaia - Bilbo

Yayoi Kusamaren unibertso partikularra ikus daiteke erakusketan.
Yayoi Kusamaren sorkuntza gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen da. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Yayoi Kusama artista japoniarraren margolanak, eskulturak eta instalazioak barnebiltzen dituen erakusketa jasoko du Bilboko Guggenheim Museoa ekainaren 27tik urriak 8ra. Bertan ibilbidea ezagutu eta bere artearekin konektatzeko aukera izango dute bisitariek.

Yayoi Kusamaren ‘1945etik gaurdaino’ erakusketa ikusgai egongo da Bilboko Guggenheim Museoan ekainaren 27tik urriaren 8ra. Erakusketa Hong Kongeko M+ museoarekin lankidetzan antolatu du Bilboko museoak

Astelehen honetan aurkeztu dute erakusketa eta bertan aritu dira Suhanya Raffel, M+ museoaren Zuzendaria; Doryun Chong eta Lucia Agirre, komisarioak; Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia eta Fernando Garcia Sanchez, Iberdrola Fundazioaren Presidentea (babeslea).

Yayoi Kusama XX. eta XXI. mendeetan zeresan handiko artista da; zazpi hamarkadetan zehar etengabe sortzen aritu da, denbora oro garatuz eta bere sentimenduak eta barne gatazkak adierazteko bide berriak bilatuz.

Erakusketan Kusamaren margolanak, marrazkiak, eskulturak, instalazioak eta bere performanceen inguruko hedabideen artxiboak ikusgai egongo dira. Erakusketaren bitartez bisitariek artistaren unibertso obsesibo, berezi eta abangoardistan murgiltzeko aukera izango dute.

XXI. mendeko arte garaikidearen eta ikono kulturalaren figura garrantzitsuenetakoa denari eskainitako atzera begirako erakusketa da.

Landutako gaiak

Lehenengo aldiz, erakusketa gaietan banatuta dago, ez soilik kronologikoki. Infinitua, metaketa, konektibitate erradikala, alderdi biokosmikoa, heriotza eta bizitzaren energia dira erakusketaren gaiak, bakoitza areto batean banatuta. Erakusketaren komisarioek horrela ordenatzea egokiagoa dela adierazi dute obrak hobeto ulertu ahal izateko.

Lucia Aguirre, erakusketaren komisarioa, asko pozten da «benetako Kusama» erakusteko aukera izateaz, erakusketa honen bidez artistaren ibilbidea bete betean islatzen saiatu baita. Kusama etengabe bere artea defendatzen aritu da, askotan isilarazten saiatu baitira. Horretaz gain, bizimodu latza izan arren, gehien bat bere buruko gaitzak direla eta, etengabe sortzen jarraitu du, berarentzat artea «sendagaia» dela adierazten baitu.



Kusamaren artea «paregabea» da, oso modu trebean lotzen ditu bere barne gatazkak, izandako bizipenak eta bere «unibertso infinitua». Horrez gain, aipatu beharra dago betidanik oso modu trebean aritu dela bere irudia hedabideen artean saltzen eta artea negozio bilakatu zuen lehengoetarikoa izan zen. Erakusketan ikus daiteke Kusama alor askotan aitzindaria izan dela, eta beste artistekin izandako harremanak ere isla daitezke; adibidez, Joseph Cornell.

M+ Museoaren lehenengo lankidetza izan da Yayoi Kusamarena. Juan Ignacio Vidartek, Guggeneheimeko zuzendariak, adierazi du horrelako artista baten lanak jasotzea plazer bat izan dela, baita Hong Kongeko museoarekin elkarlanean aritzea ere. Horrez gain, erakusketa hirian ezagutzera emateko Yayoi Kusamaren orban gorriak museoaren urmaelean ikus daitezke; artistaren ezaugarri nabarienetakoa, alegia.

Astelehenetik igandera 10.00etatik 20.00etara bisita daiteke. Sarrerak leihatilan eta online eskuragarri.

Ubicación

Guggenheim Museoa
Abandoibarra, 2
Bilbo. Bizkaia