Zea Mays, Su Ta Gar, Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta eta ETS, besteak beste, Ura Bere Bidean kontzertuan

Fecha

25.10.24 - 26.10.24

Lugar

Bizkaia - Barakaldo

Aurtengo kartela astearte honetan aurkeztu dute.
Aurtengo kartela astearte honetan aurkeztu dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

‘Ura Bere Bidean’ kontzertua badator laugarrenez. Urriaren 25 eta 26an da hitzordua BECen. Hogeita bost artistak hartuko dute parte, iazko edizioan baino bost gehiagok. «Estilo eta belaunaldi ugari ordezkatuko dute. 80ko hamarkadan sortutako taldeetatik hasi eta duela gutxi lehen diskoa kaleratu duten artistetaraino. Kontzertu berean eta bertsio sinfonikoetan dauden estiloen eta belaunaldien konbinazio horrek Ura Bere Bidean oso berezia egiten du, nazioartean beste kontzertuekin konparatzeko zaila», adierazi dute sustatzaileek astearte honetan egindako aurkezpenean.

Aurtengo edizioan honako hauek hartuko dute parte: Süne, Olaia Inziarte, Janus Lester, Idoia, Bulego (Tom Lizarazu), Esti Markez, Zetak (Pello Reparaz), Olatz Salvador, Nogen, Maren, Huntza (Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz), Izaro, Eñaut Elorrieta, En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Kalakan, Gatibu (Alex Sardui eta Haimar Arejita), Zea Mays (Aiora eta Piti), Mikel Urdangarin, Sorotan Bele, Mikel Markez, Su Ta Gar (Aitor Gorosabel eta Haimar Argar). 

Gonbidatu bereziak ere izango dira: Celtas Cortos, Reincidentes eta Jorge Drexler. Kontzertuan zehar hainbat kolaborazioak iragarri dira, horietako batzuk argitaratu gabeak.

Parte hartuko duten artista guztiek, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin batera, Iñaki Irastorzak sortutako eszenaratze eta ikus-entzunezko ikuskizunarekin (Benidorm Fest, La Voz, Platino Sariak, Goya sarien Gala...), BECen.

Ikus-entzunezko ekoizpena Iñaki Irastorzak sortuko du berriro. «Ikuskizun osoan zehar argi eta efektuen hedapen harrigarriak egingo ditu. Ura Bere Bidean Europa mailako kontzertu berezienetako bat bilakatzeko asmoa du, betiere euskal artisten eta euskarazko sorkuntzen inguruan», esan dute antolatzaileek.

Orain arte, Ura Bere Bidean proiektuan 36 euskal artista eta talde inguruk parte hartu dute, eta, gutxi gorabehera, 300.000 bistaratze baino gehiago izan dituzte hainbat mikrodokumentaletan.

Kontzertuaren irismenaren gaineko datuak ere jakinarazi dituzte antolatzaileek: «2023an, 29 milioi inpaktu gainditu zituen maila digitalean zein offlinean, eta hilabete batzuk lehenago agortu ziren eskuragarri zeuden sarrerak. 2021ean sortu zenetik, Ura Bere Bidean-ek zuzeneko eragina izan du 1.4 milioi euro inguruan, bai artistengan, bai tokiko ekoizpenean. 2024an, uste da 300.000 eurotik gorako inpaktu ekonomikoa sortuko duela tokiko artistengan, eta, gainera, jarduera sortuko duela tokiko hainbat produkzio-eragiletan», esan dute.

Ubicación

Bilbao Exhibition Centre
Ronda de Azkue, 1
Barakaldo. Bizkaia