Zinexit, giza eskubideei erreparatzeko gonbita Bilbon

Fecha

25.11.24 - 29.11.24

Lugar

Bizkaia - Bilbo

Jaialdiaren aurkezpenaren irudia.
Jaialdiaren aurkezpenaren irudia. (ZINEXIT )

Zinexit jaialdiaren XIV. edizioak giza eskubideei buruz hausnartzera gonbidatzen ditu hiritarrak zinema berrieneko lau lanen eta Hollywoodeko klasiko baten bidez. Azaroaren 25etik 29ra egingo da Alondegiko aretoetan, 19.30ean. Sarrera doakoa da eta gonbidapenak txarteldegian jaso daitezke ostiral honetatik aurrera.


Jagoba Alvarez Ereñok, Lakuako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak, aurkeztu du erakustaldia ostiral honetan Bilbon, eta Carlos Regidor, Bilboko Udaleko giza eskubideen saileko burua, eta Octavio Gonzalez, Zinexiteko programatzailea ere bertan izan dira.

«Duintasuna, nortasunaren bilaketa, erresilientzia edo ahalduntzea, besteak beste, lantzen dituen begirada intimoa eta pertsonala jorratuko da edizio honetan, ‘Sueños y pan’, ‘Remember my name’, ‘Pure unknown’ eta ‘Black box diaries’ filmen bidez. Lau titulu horiek lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon. Erakustaldiari maisulan honekin emango zaio amaiera: ‘Matar a un ruiseñor’», iragarri dute.  


Bilbon estreinatuko diren lau film horiek, gertuko begirada beroa eta gizatiarra erakusten dute jorratzen dituzten gaien eta horien protagonista diren pertsonen inguruan. «Ikus-entzuleei zuzenean hitz egiten dieten aurrekontu txikiko baina eduki emozional handiko lau film dira», adierazi du Gonzalezek.

Zineforum klasikoen eskemari jarraituko du: film baten proiekzioa eta, ondoren, bertan dauden ikus-entzuleei irekitako eztabaida. «Edizio honetako programa osatzen duten filmen erakargarritasunaz gain –guztiak estreinaldiak dira Bilbon–, Zinexitek proiekzio bakoitzaren ondorengo solasaldietara gonbidatutako pertsonen balio erantsia ematen du», esan dute antolatzaileek.

Beste ikasturte batez, Zinexit DLHko eta DBHko ikasleengana ere zabalduko da, Bilboko Udaleko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren Sailaren eskutik. 
Zinexit Eskola programaren bidez Lehen Hezkuntzako ikasleei umeen oinarrizko eskubideak zinemaren bidez ezagutaraztea da helburua. Programa horretan, material didaktiko espezifikoa banatuko da, eta 6 eta 10 urte bitarteko mila ikasle baino gehiagorentzako proiekzioa egingo da. Edizio honetan Mohammad Kheyrandishen (2022) ‘Izurde mutikoa’ da aukeratutako izenburua, lehorrean bizitzera erbesteratzen duten arte izurdeek euretako beste bat bezala hazi eta zoriontsu bizi den ume baten istorioa kontatzen duen animaziozko filma. Hortik aurrera, protagonistak bere benetako jatorria argitzeko bidaia egingo du.

Alvarezek adierazi duenez, edizio honen ideia eragilea hainbat gairi heltzea da, «injustiziatik eta diskriminaziotik hasi eta erresilientziara eta ahalduntzera. Proiekzio bakoitza sarritan ezkutuan egoten diren errealitateetan sakontzeko eta isilarazi dituztenen ahotsak anplifikatzeko aukera izango da».

Halaber, adierazi du giza eskubideen alde borrokatzea ahalegin kolektibo eta etengabea dela, eta ausardia, konpromisoa eta pertseberantzia eskatzen dituela. «Ekintza bakoitzak balioa du, eta ahots bakoitzak garrantzia du. Borroka horrekin bat egitean, mundu justuagoa eta bidezkoagoa eraikitzen laguntzen dugu».

Amaitzeko, Alvarezek Zinexitera joateko gonbita egin du, «kezkatzen gaituzten gure inguruko gaiei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko, zinema pentsamendu kritikoa sustatzeko erabiliz».

Sarrerak eta informazio gehiago webgunean.

 

Ubicación

Alondegia
Arrikibar Plaza, 4
Bilbo. Bizkaia