‘Zorretan’, Hika Teatroaren ekoizpen berria

Fecha

25.10.24 - 08.12.24

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

‘Zorretan’ antzezlanaren eszena bat.
‘Zorretan’ antzezlanaren eszena bat. (Asier CORERA)

Amak, berarekin bizitzeko asmoz, etxeko giltza eskatu dio Loreri. Emakumeari orduan, bizi izandako iragana, ustezko oraina eta izango duen etorkizuna, dena begien aurretik, inolako ordenik gabe, igaro zaio. Eta erabat aztoratuta, lur azpian ezkutatzea erabaki du, azal lodiko satorra bihurtuta. Hauxe Hika Teatroaren ekoizpen berriaren sinopsia.

‘Zorretan’ obrak bikote bat eta euretako baten ama ditu protagonista. Zaintza, maitasuna eta amatasuna dira landutako gai nagusiak. «Tragikomedia absurdoa» bezala definitu dute konpainiako kideek.

Agurtzane Intxaurragak idatzi eta zuzendu du lana. Bidaide ditu Miren Gojenola zuzendari laguntzailea eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiaran aktoreak.

Ostiral eta larunbat honetan ikusiko du argia antzezlanak Donostiako Gazteszenan, Egian.

«Amaren gaia zilbor heste luzea da, kilometrikoa, sekula egunerokotasunik galtzen ez duen gaia. Esaerak dio, gainera,  ama bakarra dela munduan, baina nik ama bakoitza mundu bat dela pentsatu nuen paper zuriaren aurrean jarri nintzenean. Agurtzane Intxaurragaren hitzak dira.

«Nire zuzendari Nia eta gainontzeko Ni guztiak, idazle, aktore, kudeatzaile, emakume, ume, ama, sorgin, animali. Denak aurrez aurre jartzeko aukera eder bat bezala bizi izan dut idazketa sormen prozesu hau. Emaitza: ‘Zorretan’.35 urte luzeen ondoren beldurrei aurre eginez, gogoei erabateko askatasuna emanez, eskarmentuaren babes zabalarekin eta bide berriak probatzeko asmoarekin, sortutako antzerki testua», jarraitu du. 

Donostiako estreinaldiaren atzetik Bilbo (azaroak 6), Oñati (azaroak 8), Azpeitia (azaroak 10), Lasarte-Oria (azaroak 22), Leitzako (abenduak 8) emanaldiak etorriko dira. Zehaztasunak webgunean.

Ubicación

Gazteszena
Jaialai Kalea, 22
Donostia. Gipuzkoa