KNK Kurdistaneko Kongresu Nazionaleko emakumeen bozeramailea den Michelle Allison Euskal Herrian izan da egunotan. Lekornen ala Gasteizen eskainitako hitzaldietan Kurdistango orainaz eta etorkizunaz aritu da, bai eta iraultzako emakumeen paperaz edota mugimendu feministaren erronken inguruan ere.
Kurdistanen emakumeak «5.000 urteko logika patriarkala» apurtzen saiatzen ari direla defendatu du eta Kurdistango sisteman «benetako feminismoa» sartu nahi dutela adierazi du; «emakumeen aurkako errepresioa ekidingo duena».
Mendebaldeko feminismoari kritika zorrotza egin dio, emakumeen eskubideetara eta indarkeri matxistaren ondorioetara mugatzen dela uste du Allisonek; «bakarrik azaletik» lantzen dela kritikatuz. Haren aburuz, jendarte patriarkal honen azken mailaz ohartzen da Mendebaldeko jendartea. «Beste ehun urte eman ditzakegu erailketak salatuz eta biktimei laguntza eskainiz, baina, erasoak gertatu aurretik ekidin behar dira», defendatu du segurtasunez.
Kurdistango feminismoak aldiz, berdintasuna «erradikalki» eskatzen duela nabarmendu du, «maila eta leku guztietan».
Hala Bideok egin dio elkarrizketa, militante kurduak Euskal Herrian zehar egin duen hitzaldi bira baliatuz.