Alex Areizaga

Harry Totxak Egian da berriro, Sudurpuntan ikus-entzunezko lagunketarekin

 

Harry Totxak Donostiko Egia auzora itzuli da, Sudurpuntan Ikus-entzunezko Lagunketa besapean duela. 2011. urtean abiarazi zuten ekimenari jarraipena emango dio honela Sintotxa mugimenduko lehendakariak.

“Sudurpuntan” izena jarri zioten, hain juxtu, inork hala eskatu ez zielako, sudur puntan jarri zitzaielako. “Lagunketa” esaten diote, ez dutelako lehiarik nahi, nahiago dituztelako lagunarteko txantxak eta adar jotzeak. Egiako jendearen artean sormenerako bideak zabaltzea da asmoa, hiriko zinemaldi ponpoxoak aparte utzita, herriko zinemagintza sustatzea. Horretarako hainbat sari sortu zituzten:

• MUKIZU saria, parte hartzaile gazteenarentzat
• SUDURGORRI saria, pieza umoretsuenari
• SUDURPUNK saria, bihurrienari
• SUDURTXUKUN saria, kalitatezko piezarentzat.

Lehenengo edizioan, Egiako bi herritarren esku utzi zuten sarien ebazpena. Bigarrenean, aldiz, epaimahai ezezagun eta misteriotsu batek eman zuen epaia. Nolanahi ere, parte hartzaile guztiek jaso zuten sariren bat, parte hartze hutsagatik.

Parte hartzea libre eta doakoa da. Sudur puntan jartzen zaizuena kameran sartu, pantailan moldatu, eta bidali. Adi aurtengo oinarriei, argi eta garbi daude-eta: ikus-entzunezko piezak Egian egina behar du, edo Egiatarrek egina, edozein hizkuntzatan; gutxienez 3 segundo, eta gehienez 3 minutukoa. Bidal ezazue zuen lana, irailaren 7a baino lehen, honako helbidera: sintotxa@gmail.com

Informazio hau eta gehiago: sudurpuntan.hotglue.me