Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Fatxada

Bernardino Sienakoa santua etxe oneko umezurtza omen. Gaztetan, 1403an, egin zen frantziskotar bere ondasun denak behartsuei eman ostean, eta Cabriolan, muino bakarti batean, monasterio txiki bat eraiki zuen, non zorrotz bete ohi ziren elizako arauak. Toscanako bikario izendatuta Florentziara jo zuen eta sermolari bikain gisa nabarmendu zen. Gizonak jaiotzaz ahots mehe eta eskasaren zama zuen, baina debozioz eskatu zion Ama Birjinari eman ziezaiola ahots sendo eta potente bat, baita lortu ere.

Gaur fatxadei buruz jardun nahi dut eta ez nabil bakoitzak bizitzari aurre egiteko eraiki behar duen maskara horretaz. Badira aurrealde itsusiak dituzten eraikinak, hala nola Polizia Nazionalaren hainbat kuartel; ederrak, Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea da horren adibide; ikonikoak, Dublingo Post Office-a modukoak, bere bala zauri eta guzti, eta, bukatzeko, xumetasun harmonikoaren jabe direnak, Arrasateko Musakola auzoko langile etxe zuriak bezala. Zoritxarrez, azkenaldian beste eraikin-fatxada mota bat da orokortzen ari dena inguruotan: etxabea hutsik duen eraikinarena. Ixten ari dira dendak errenkadan eta taberna eta jatetxeek ere nahikoa lan dute eusten. Badakit joera globala dela, baita erabaki politikoek ez dutela lagundu ere; esaterako, lotsagarria da Amazon moduko erraldoiek zer zerga gutxi ordaintzen duten, eta praxi pertsonalak eta lanturu kolektiboek ere askotan ez dute bat egiten, lerro hauek idazten dituenarengandik hasita.

Bernardino Sienakoak sermoiak ondo prestatzen zituen eta, diotenez, entzuleak konbentzitu eta fededun bilakatzen zituen, bokazio ugari lortuz. Nik ez dut halako zera handirik ez nahi ez espero, baina nire ahots meheaz lotsatu gabe esan nahi dizuet ez diodala traza onik hartzen etxe bunkerizatuz eta banatzaileen furgonetez marrazten ari den gure herrien etorkizunari. Eta, behin kexatzen hasita, ez nator bat bankuen arreta-ordutegiarekin eta, are gutxiago, Eroskiko auto-kobratze kutxekin. Ez nago ados eta gera bedi hemen islatuta, ez dezatela esan gero ez genuela protestarik egin. Joder, zer gustura geratu naizen.

Buscar