Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Mu eta mu

Laura Zacchelloren desagerpena −Baionako prokuradoreak susmo ilunagoak plazaratu zituen bere agerraldian− eta Orbaizetan herri barrutik atera gabe ikusi genituen sei ipurtargiak. Zapataginak euri tematiagatik saldu ezin dituen sandaliengatik eginiko kexa eta Arrasateko gazte olinpiadetan han eta hemen ageri ziren bengalak. Laino azpian gogaiturik dauden Arpea inguruko artzainak eta Frantziako hauteskundeak. Hori dena kabitzen da uda hasi besterik egin ez den egunotan, iruindarren armairuetan oraindik hainbat sanfermin kamiseta zuri garbi dauden astelehen honetara arte.

Udari buruz hitz egin nahi nizueke edo, hobeto esanda, udak berarekin dakarren fribolitate karga artifizialari buruz. Artifizial diot badudalako irudipena kontu berria dela hutsaltasunaren gorazarre udatiar hau, kapitalismo berantiarrak gure bizitzan utzi duen beste ubelune bat.

Izan ere, nire ustez, oporretara edonora joateko sentitzen dugun behar inperatibo horren neba-arreba txikia da udako telebista, zinema estreinaldi, irrati eta abarren sinplekeria. Tristura dakarkit horrek, eta poz urrun bat, atsedenarenarekin lotua dena. Bat-batean amaitzen baitira mundua ulertzeko presak eta dena bilakatzen da enegarrenez kontatzea hiriburuetako jaien inguruan aurretiaz dakiguna, kartoizko hezurduradun itsasertzeko telebista set mengeletako kalaka glutenik gabeetan. Hondartza irudiak sinpatikoak dira, baina gure anbizio intelektual faltarekin uztartuta, mengelak.

Pentsatuko nuke arazoa esklusiboki nirea dela ez banie hainbati adituko uda dela liburuak irakurtzeko haien aukera bakarra. Eta lanak akiturik uzten bagaitu ere, iruditzen zait uda une ona litzatekeela bateren batek patxadaz azaltzeko parez pare ditugun erronka eta desafioak. Dibulgazioa egiteko baita ere. Orain baitugu denbora eta aroa halakoak aztertzeko.

Zinez iruditzen zait akatsa dela uste izatea berezkoa dela udako gure eztabaida eta iritzi publikoen azalkeria. Agintari eta poliziak oporretan direlarik, gizartea anestesiatzeko modua besterik ez da.

Buscar