Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Parta

“Akordatu, gauza askoz akordatzen naiz, baina ez dakit nola hitz egin horiei buruz. Sarri nire haurtzaroa dut gomutan. Baina jada ez naiz gai hari buruz hitz egiteko. Nire buruan irudi horiek guztiak daude, baina bizkorregi igarotzen dira kontatu ahal izateko». Tonik, Italiako Friuli-Venezia eskualdeko gizonak, hala kontatu zion Esther Kinskyri...

«Batzuetan gauez esnatzen naiz eta iruditzen zait hautsa dudala ahoan. Kare eta mortero zapore hori. Ito egingo naiz, pentsatu ohi dut orduan, hondakinen pean harrapaturik nago eta ito egingo naiz. Nire ahoan eta nire sudurrean oraindik oroitzapen hori dago, zigilu-markarekin markatua balego bezala, eta ez dakit noiz esnatuko den. Zerbaitek esnatu ohi du; batzuetan lo nagoenean, besteetan egun betean, lanean nagoen bitartean edo telebista ikusten. Baina beti pasatzen da, eta ez naiz itotzen», ziotson Olgak.

1976ko maiatz eta irailean bi lurrikarek Italia ipar-ekialdea suntsitu zuten. Kanin mendiaren magalean, artzain eta menditarren bazter txiroan, pasarte horiek bizi izan zituzten zazpi pertsona elkarrizketatu zituen Esther Kinskyk, eta ondoren “Rombo” liburu zoragarria egin. Miresgarria da nola idazleak ohi duen elegantzia hotz horrekin ekartzen dituen lerroetara memoriaren bihurguneak, doluak, ahanzturak, gauza txikiak, egunerokotasunaren matazak… Harri kaliza urak desegiten duen modu berean zulatzen du idazle alemaniarrak irakurlearen bihotza. Harro legoke Auden.

Oxala Valentziakoa Kinskyk kontatuko balu, biktimek merezi baitute halakorik. Oxala Chirbes berri batek ezpata hartu eta ustelkeriari eta orri zuriei aurre egingo balie. Etsigarria baita lukurreriak berarekin dakarrena. Badakigu zer gertatuko den naturaren arauak hautsita, eta temati segitzen dugu.

Zorionez, piztu den elkartasuna da itxaropena. Materiala batu han eta dirua pilatu hemen. Boluntario zutabeak pala esku batean eta bihotza bestean. Azal laranja duten gizonen aginte eroari aurre eginez bizitza.

Kinsky irakurri eta panfleto bat ekoitzi, horiek dira koordenatuak.

Buscar