Koadernoan ahal den informazio guztia bete ondoren eta argazkiak ondo atera direla ikusita kalean aurkitutako manta batekin estali dute "Mezkitako 2. gizona". Barruan aurkitutako mahai bati buelta emanda kanpora atera dute, kalera. Kuriosoak gerturatu dira. Batzuk barrutik ateratako 2. gizon horren identitatea zein den jakin nahi dute. Bertan hil bazituzten ere inork ez zuen ezer ikusi, entzun edo sentitu.
"Kotxe bati itxaron behar diogu, lurperatzen ditugun tokira eraman ahal izateko" esan du Akram-ek. Kurioso multzoa geroz eta haundiago da. Umeak ere badira tarteko. Helduetako inork ez die esan ez ikusteko espektakulu krudel hura. Ixiltasuna da nagusi, agure zahar bat besterik ez dago atzean denok entzuteko moduan xuxurratzen.
Baghdadeko Polizia Militarra agertu da jende multzoa ikusi duenean. Zertan ari diren galdetu dute eta bertaratutako inork ez die erantzun. Akram-ek bai ordea "Meskita barruan zegoen eta lurperatu egin nahi dugu" esan die. Baina Poliziak ezetz, hori ez dela beraien lana eta ea baimenik baduten horretarako galdetu dio Akram-i. Honek ezezkoa esan eta hildakoa kalean uztea behartu dute. Lekuan (lekuko) geunden denak dispertsatu gaituzte. Bolondresen lana alperrik izan da gaurkoan (ere). Bide batetik joan dira Akram eta bere lagunak, ni beste aldetik joatera derrigortu naute.
Handik 5 egunetara, telefono estaldura berreskuratu ostean, SMS bat iritsi zait "Finally we buried him at night" (Azkenean gauean lurperatu genuen). "Anyway, how was your trip and how are you?, love Akram" (Nolanahi ere, zer moduz zure bidaia eta nola zaude zu?).