Film onenari OSCAR saria irabazteko lasterketan dago Alfonso Cuarón mexikarraren “Gravity” filma. Sandra Bullock eta George Clooney protagonista dituen zientzia fikzioko film honetan bi astronauten misioa kontatzen da, eta gertatu ohi den moduan, uste baino gehiago konplikatzen zaie etxeko itzulera. Istorioa, berez, ez zitzaidan sobera gustatu, baina aitortu behar dut txundituta geratu nintzela 3D efektuekin. Galdera bakarra geratu zait erantzunik gabe: astronauta jantzi azpian galtzontzilotan egonen da Clooney ere? Hala agertzen baita beti Bullock, short beltzetan. Badakit ohiko errankizuna dela, baina…#erranbeharranuen.
“Gravity” rekin batera, ezagun egin da “Aningaaq” ere, aurrekoaren Spin-Off-a. Cuaronen azkena ikustea egin beharrak zerrendan baduzue: utzi post hau. Ez irakurri gehiago. Ez ikusi “Aningaaq”. Ez duzue ulertuko.
Ikusi duzuenak:
Gogoan izango duzue Ryen Stone(Sandra Bullock) espaziotik lurtar batekin kontaktatzea lortzen duen momentua. Laguntza eskatu nahi du baina kale egiten dute bere saiakera guztiek, bertze aldean dagoenak ez baitu ingelera solasten. Nork jaso du deia? Zertan dabil? Jakingo al du espazioan dagoen norbaitekin ari dela solastean? Eta ingelesez jakin izan balu? Aukerak hamaika. Momento hori bera berreskuratzen da “Aningaaq” film laburrak, momenu horren B aldea da.100 milioi dolarreko kostua du “Gravity” filmak, 100.000koa Aningaaqek. Aita eta semea. Nahita diot hori. Hurrenez hurren Alfonso Cuaron aita eta Jonas Cuaron semea baitira bi lanen zuzendariak.
“Gravity”-ren DVDko gehigarri moduan ekoiztu zuen Warnerek “Aningaaq”, baina uste baino oiartzun handiagoa izan du sarean. Laburmetraia ez da bertze munduko gauza. Baina badu bere xarma.