Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Mundu berri baten haziak

Festa giroa nagusitzen da gurean abuztuaren erdialdean. Urteak pasatzen direlarik, festa egiteko manerak aldatzen doaz, aitortzea oso gustuko ez badugu ere. Baina beharbada horregatik, hain zuzen, festa berari begiratzeko moldeak ere ez dira iraganekoak. Festetan gatazkak, elkarbizitza, tentsioak eta elkartasunak korapilatzen dira, egunerokoaren adierazpenak baitira, baina, aldi berean, salbuespen egunak ere badira.

Kontuak horrela, nekez irudikatu daiteke «festak bai, politikarik ez» lelo ergelagorik. Francok esaten omen zuen berak bezala egiteko, politikan ez sartzeko, hots; eta halako kutsua hartzen diot nik aipatu lelo zakar horri.

Festak asko esaten digu herri bati buruz, eta oso esanguratsua da Nafarroako festak leherrarazteko UPNren estrategiaren porrota. Tuteratik hasi eta Lizarratik pasatuz, Ibarrola eta bere menpekoen (hau literalki diot, ezagutzen duen orok baitaki nola lebitatzen duen beste guzien gainetik) festa ibilbidearen atzealdea probokazio zikina da, orain arte, zorionez, arrakastarik izan ez duena.

UPNk leherrarazi egin nahi du elkarbizitza eredu berri baten eraikuntza, ederki baitaki hamarkadetan zehar lortutako pribilegioak galtzeko arriskua dutela nafar elite atzerakoiek. Eta demokratizazioa zapuzteko, giroa berotu behar dute, iraganeko errezetak berriro mahai gainean jartzeko. Dagoeneko, eskuin espainolistak ez du eskaintza politikorik, beren helburu bakarra iraganera itzultzea da, irekitako bide berriak itxiz.

Kalera eraman nahi izan dute alderdiaren egonezina, baina ez dute espero eta nahi zutena aurkitu. UPNk jada ez du Nafarroako jendartea ezagutzen. Horregatik, beharbada, herriz herri doaz, alderdi zaharkitu eta indarrik gabekoa dutela erakutsiz, argazki bakoitzak beren norabide ezaren irudi argia ematen duela.

Bien bitartean, festa giroan ere, beste mundu baten haziak antzematen dira, eta jende gehienak ezin du ulertu iraganarekiko obsesio hori.

Buscar