\n"}
Ion Telleria

Gaza, Torra, 'Zerga' eta Guardia Zibilaren marihuana

Galbahetik-180518
Asteko irudietako batzuk.

Gazako azken sarraskiak ekarri du asteko irudi gogorren bilduma. Ohiko salaketa mezuak izan dira baina Israelek eskuak libre ditu nahi duena nahi duenean egiten jarraitzeko.

Katalunian kargua hartu du president berriak, Quim Torra. Zinpetze ekitaldi xaloa egin zuen, helburua Carles Puigdemont berriz ere presidente izendatzea baitu. Haserre dira Espainian, ezker eskuin, ez zuelako euren Konstituzioaren aipamenik egin, ezta erregearenik ere. Pedro Sanchez PSOEkoak legea aldatzea proposatu du zinpetze ekitaldietan Estatu burua eta Konstituzioari men egitea derrigortzeko, matxinada delitua zehazten duen artikulua ere aldatzea nahi du... Ciudadanosek 155ari eustea nahi du. «Espainiako alderdi eskuindar baten antzekoena? Espainiako alderdi ezkertiar bat». Nor da Kataluniako presidente berria? Hemen Beñat Zalduak egin duen profila.

Guardia Zibila zekena da egin ohi dituen operazioei izena jartzen, baita «operazio» izatera ere iristen ez diren ekinaldiei ere. 'Zerga' izenarekin 50 preso ohiren ondasunak kentzera etorri ziren atzo Euskal Herrira. Euren zigorra aspaldi betea duten hainbat presori kontu korronteak hustu, soldata bahitu, autoak kendu eta higiezinak enbargatu dizkiete.

Egun berean kontrako norabidean bi albiste. Luis Iruretagoiena, Frantziak gerturatu duen 13. presoa eta askok Espainiako espetxeetan mugimenduren baten imintzio gisa ikusi duten informazio bat; 40 presoren inguruko informazioa eskatu duela Barne Ministerioak, gerturatze baten atariko mugimendua izan ahal omen da. Halakorik ukatu zuen Zoido ministroak atzo.

Aste honetan gogoratu du Etxeratek Urtzi Errazkin bozeramailearen ahotan azken urteotako egoeraren paradoxa latza. 2011a arte larriki gaixo ziren presoak aske utzi ohi zituztela eta azken urteotan hori ukatzeaz gain edozein aurrerapauso lortzeko baldintzak eta betebeharrak gero eta oztopo gehiago sortzen ari direla.

Beste izen propio bat, Joxe Migel Etxeberria 'Naparra'-rena. 1980an desagerrarazi zuten eta senideak dira bere bila dabiltzan bakarrak. Aste honetan, bilaketa berri bat egiteko aukera izango dutela jakin dugu: HEMEN.

Margoketa xelebreak eta Guardia Zibilaren marihuana

Asteon ere zer esana agian bitan Guardia Zibilarekin zerikusia duten albiste pare batean. Lehena, Hernanin, margoketa xelebreak agertu dira eta euskarari hitz berri baten ekarpena ere egin zaio, 'Izorraitz'. Nork egin ditu margoketak?

Bestea, Kataluniatik iritsi da. Guardia Zibilaren kuartel bat, zaintza dorrea, eta bertan marihuana landareak buruz behera lehortze lanetan. Guardia Zibilaren erantzuna? Ohiko prozedimentua omen da... o_O

LGTBI eskubideen defentsan egun seinalatua atzokoa, Valentzian ekoitzi duten bideo hau ekarri dugu errepasora, norberaren jarrera edo ikuspegietan egiten du indar. Gauzak, begiratzen dituenaren ikuspegiaren araberakoak ere izaten baitira:

Loading player...