Hezkuntza eragileek LOMCEren kontrako Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioaren aldeko kalejirak antolatu dituzte, larunbat honetarako, urriak 11.
'Gure Gida' aurkeztu ostean elkarlanean aritu eta iaz urriaren 12an Bilbon egindako nazio manifestazioaren segida da oraingoa.
Hezkuntza eragileen eta Hezkuntza Plataformen Topagunea-ren oharra:
Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean baita jendartea kohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, doktrinamendurik gabe…). Hezkuntza eskubide unibertsala da, pertsona ororen eskubidea alegia. Eskubidea unibertsala den heinean, administrazioarena da eskubidea bera bermatzearen ardura; eskubidea bermatzen dela ziurtatzea gizarte zibilaren ardura den moduan. Eskubidea izateko, hezkuntzak ikasle guztion garapen osoa bermatuko duen heziketa behar du izan. Parte hartzailea, askatzailea, hezkidetzailea, inklusiboa, demokratikoa, anitza, integratzailea…
Horregatik guztiagatik, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar duela deritzogu.
Aldiz, hezkuntza Euskal Herrian, espainiar eta frantziar estatuen esku egon da eta dago eta beraien behar eta nahien arabera garatu dute. Norabide horretan LOMCEk urrats berriak ematen ditu, Hego Euskal Herriko hezkuntza erabat mugatuz eta herritarrok nahi dugun kontrako norantzan bideratuz.
LOMCEri EZ esaten diogunean azken hamarkada luzeetan inposaturiko hezkuntza lege eta erreformei esaten diegu ezetz ere. Ez dugu inposaturiko bestelako legerik onartu nahi. Orain arte eta aurrera begira heldu daitezken lege eta erreforma desberdinak izan edo izango dira, baina helburu berdina dute: euskal herritarrok behar eta nahi dugun hezkuntza sistema mugatzea eta baldintzatzea.
Ikasturte berria abian jarri dugu eta, handik eta hemendik, bai Uriarte andereak, bai Iribas jaunak, gure ikastetxeetan lege berriaren ezarpenak ez duela apenas eraginik izango adierazi dute publikoki. Azken hamarkada luzeetan inposatu nahi den legerik gogor eta atzerakoiena jada abian delarik eta hurrengo urteetan erabat garatzeko arriskua argia delarik, beraien jarrera guztiz larria eta arduragabea dela salatu nahi dugu. Beraien adierazpenekin lege honen kontrako aktibazio eta edozein erantzun indargabetzea dute helburu.
Hezkuntzaren arduradun politiko nagusiak izanik orain arte esandakoa errealitate bilakatzea beraien esku dago. LOMCE gustuko ez badute, ez badute aplikatu nahi, bertako errealitatea aintzat hartu nahi badute egin dezatela, ausardiaz joka dezatela eta herritarrok kalean luzatutako eskaerari heldu diezaiotela.
Alde batetik, Nafarroako Gobernua aitzindari izaten ari da hezkuntza erreforma basati hau “nafar erara” aplikatzerako orduan, jada marko legala egokitu eta curriculum dekretuak ere argitaratu dituelarik, ikas materialaren ikuskatze lana ere abian du…
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik LOMCEa gure ikastetxeetan sar ez dadin bermatzeko eta erreformari aurre egiten dion neurri argirik hartu, baina LOMCEa hainbat ataletan egokitu eta abian jartzeko irizpide eta neurriak bidali ditu ikastetxeetara.
Legea ez betetzeak segurtasun gabezia eta ondorio kaltegarriak ekarriko lituzkeela entzuten ari gara maiz arduradun politikoen ahotan. Baina benetako kaltea, bai gure seme-alaba eta ikasleentzat, bai hezkuntzako langileentzat, baita herritar guztiontzat ere LOMCEa bera garatzeak ekarriko luke. Horregatik, hain zuzen ere, premia ikusten dugu LOMCEa abian den lehen ikasturte honen hasieratik aurre egiteko gure eskura ditugun bideak abian jartzeko eta gure herrian behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzean pauso berriak emateko. LOMCEri ezetz esatearekin batera alternatiba eraiki nahi dugu.
Jakin, badakigu, ilusioak eta indarrak mugitzen duela jendartea, eta honek mundua. Honetarako, beharrezkoa da elkarlanean eragitea. Badakigu indarra daukagula, ikasleok, familiek, hezitzaileok, langileok, herritarrok, denok. Eta gure hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari ekin nahi diogu, txikitik hasita, gure geletatik gure ikastetxetara. Gure herrietatik Euskal Herrira. Ikastetxeak, plataformak, bilguneak… Edonon elkartzen hasiak gara, jakinda eraiki nahi duguna guztion artean izan behar dela. Hezkuntza zerbitzu publikoa delako, eta honek esan nahi du gurea dela, gure eskuetan dagoela.
Horregatik, etorkizuna gaurdanik eraikitzen dela diogu, askok eta askok atzo egindako lana oinarri hartuta. Ibilbide luzea egin du gure herriak hezkuntza sistema propio baten bidean eta hamaika izan dira hau helburu garatu diren dinamika ezberdinak.
Guk uste dugu, modu eraikitzaile batetan, gure eskubide kolektiboak defendatzeak eta aldarrikatzeak merezi duela. LOMCE gelditu egin behar dugu, eta gure hezkuntza sistema propioa eraiki.
Aurreko ikasturtean, lege honen ondorioak aztertu, alternatibak proposatu, nahi dugun hezkuntzari begirako proposamenak osatu eta ekimen zein mobilizazio ugari burutu izan ditugu.
Maiatzean aurkeztutako “Gure Gida”ren lehenengo zirriborroari hezkuntza komunitate eta herritarrok egindako ekarpenak gehitu dizkiogu. Dagoeneko ikastetxe guztietara zabaldu dugu LOMCEri aurre egiteko eta gure Hezkuntza Sistema eraikitzeko lan tresna baliagarria izatea espero dugun GIDA. Orain zentroz zentro, eskualdeka, herri zein auzoetan gida propioak garatzeko faseari ekingo diogu bakoitzaren errealitateari egokituta norabide berean.
Hasieran esan moduan, hezkuntza lehentasun soziala izanik eta herri baten garapenerako gakoa, ezinbestez hezkuntza komunitate eta herritar ororen inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoa dugu LOMCEri aurre egiteko, bere aplikazioa ekiditeko eta nahi dugun hezkuntza guztion artean eraikitzeko. Horren adibide izan nahi du gaurko agerraldi honetan deialdi hau hezkuntza eragileez gain ikastetxe, herri eta eskualde ezberdinetan sortzen ari diren hezkuntza plataforma ezberdinekin batera egiteak.
Beraz, bide honetan lanean aritzeko prest den pertsona, eragile edo eta erakunde orori eskua luzatu eta dei egiten diogu norabide honetan batera lan egin dezagun.
Uste dugu, mobilizazio hau abiapuntu izan behar duela, konpromisoak hartzeko garaia da. Guztiok. Bakoitzak bere arduren arabera. LOMCEri gure ezezkoa adierazteaz gain, hau ez aplikatzeko konpromiso zehatza hartuko dugu. Eta gure hezkuntza eredua eraikitzeko bidean urratsak emateko hautua egingo dugu. Guzti hau maila pertsonalean hasi eta modu kolektibo baten garatu arte.
Eta hau guztia beste behin adierazteko, URRIAREN 11n IRUÑEAN, GASTEIZEN, BILBON ETA DONOSTIAN “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! Inposaketei ez!” lemapean herri gisa kalera atera eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko deia egiten diogu euskal jendarteari.
Ikasle Abertzaleak, Sortzen, Udako Euskal Unibertsitatea, Hik Hasi,ELA, LAB, STEE-EILAS eta Hezkuntza Plataformen Topagunea
(Deialdi honi, besteak beste, Ehige eta Ikastolen Elkartea atxikitu zaizkio)