Ikoitz blog naiz+

Inposaketei planto egin diete ikasleek

Kalera irten dira ikasleak. EU2015 erreforma eta LOMCE legea salatu eta herritik eta herrientzat izango den hezkuntza aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hamaika herritan.

Ikasle Abertzaleen arabera 13.000 izan dira manifestazioetan parte hartu duten ikasleak.

IAko eledun Antxon Barberiari eginiko elkarrizketa Info7 irratian: klik hemen

>Bideo eta argazki guztiak hemen: klik

Ikale Abertzaleen kronika:

13.000 ikasle inguru mobilizatu dira Hego Euskal Herri osoan zehar Espainiako Gobernuak Hezkuntzan ezarri nahi dituen erreformak salatzeko. Goizean goiz hasi dira pikete informatiboak unibertsitate askotan, eta herri eskolak edo eta klase geldialdiak hainbat ikastetxetan. Eguerdiaren bueltan, aldiz, manifestazio jendetsuek hartu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak.

2015_otsaila26_greba_manifa_6

Iruñerrian, DBH eta Batxilergoko ikasleak herri eta auzoka antolatu dira, eta zutabeak egin dituzte manifestazio nagusirekin batzeko. Martxa nagusia Nafarroako Unibertsitate Publikotik abiatu da, eta guztiek bat egitean Iruñeko kaleak zeharkatu dituzte, Espainiako Gobernuaren delegaritzaren aurrean eserialdi bat eginez. Lehenago, NUPn, EU2015 unibertsitate planaren 3+2 aplikazioaren aurkako 1.800 sinaduratik gora entregatu dizkiete errektore ordeari. Jakinarazi dute martxoaren 16tik 18ra egingo duten Herri Unibertsitatea bitarte atxikimenduak jasotzen jarraituko dutela.

Gasteizen eta Bilbon ere azkenaldiko ikasle mobilizazio jendetsuenak egin dituzte, eta Poliziaren presentzia medio tentsio uneak bizi izan dituzte. Ertzaintzak bi hiriburuetan kargatu du protestan zebiltzan ikasleen aurka: Bilbon gazte bat atxilotu dute (aske utzi dute ordu gutxira) eta Gasteizen anbulantzian eraman behar izan dute beste bat. Azken horri urgentziazko ebakuntza egin behar izan diote, garezurra hautsitaeraman baitute ospitalera.

Donostiako Ibaetako Campusean ere ikasle andana bildu da goizean goizetik. Hainbat dinamika egin ostean, aulariotik abiatu da manifestazio nagusia. DBH eta Batxilergoko ikasleak, aldiz, ostiralean mobilizatuko dira: 11:00etan egingo dute klase geldialgia, eta mahai ingurua eta mosaikoa jarraian.

Mobilizazio guztiak mezu berarekin amaitu dira: eraikuntzara salto egiteko deiarekin, amesten duten hezkuntza sistema gaurdanik eraikitzen hasteko konpromisoak hartzeko deiarekin. LOMCE hezkuntza erreforma, Eusko Jaurlaritzaren Heziberri proiektua eta Europako EU2015 unibertsitate planari ezetza eman bai, baina aldarrikatzen duten eredu herritarra eraikitzen hasiko direla ohartarazi dute.

Hurrengo asteetan, beraz, fase horretan murgilduko dira. Unibertsitate mailan, Herri Unibertsitateak antolatuko dituzte, eta egungo egoera eta errealitateari erantzuten dieten edukiak landuko dituzte. DBH eta Batxilergo mailetan, aldiz, LOMCEren aurkako konpromisoak biltzen jarraituko dute, eta klaseetan eduki alternatibo eta propioak eman daitezen borrokatzeaz gain, martxoaren 17 eta 18an grebak egingo dituzte.