Ikoitz blog naiz+

LOMCEri aurre egiteko 10 neurri proposatu ditu HPTk

Iragan abenduaren 6an egindako lansaio irekiko ondorioak batu eta LOMCEri aurre egiteko 10 neurri zehatz proposatu ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Bilbon egindako asanbladan zehaztu dutenez, "osatutako txostenak LOMCEri modu praktikoan aurre egiteko balio du, hau da, ikastetxe zein herrietan tresna gisa erabiltzeko" osatu dute.

Dokumentua deskargatzeko: klik hemen

HPTren oharra:

'GURE GIDA'ren lanketa praktikorako lansaioa egin genuen iragan abenduaren 6an, Durangon. Oso positiboa izan zen, izan ere, 110 pertsona inguru batu ginen bertan, herrietako hezkuntza bilguneak, eragileetako ordezkariak eta baita herritarrak ere. Ditugun mehatxuei aurre egiteko grina argi eta garbi erakutsi genuen berriz ere.

Bertan, LOMCEri aurre egiteko eta gure hezkuntza ereduaren gainean eztabaidatzeko aukera izan genuen. Eta solasaldi guzti horiekin, ondorioekin, gaur aurkezten dugun txostena osatu genuen.

Txostena argia da: LOMCEri aurre egiteko neurri zehatzak proposatzen ditugu. Baita bestelako hezkuntza eredu herritarrago eta parte-hartzaileago baten bidean urratsak emateko gakoak.

Lau bloke nagusi bereizi ditugu, modu errealean  aurtengo ikasturtean aplikatzen ari zaizkigun neurriei aurre egiteko:

  1. Parte hartzea
  2. Pedagogia eta curriculuma
  3. Ebaluazioak
  4. Arlo administratiboa


Eta bloke nagusi horien barruan LOMCEren ez aplikaziorako eta bestelako eredu baten aldeko 10 neurri zehatz zehaztu ditugu:

    1.    Parte hartzeari dagokionez 1.go, 2., 3., 4. eta 5. neurriak.
Helburua partaidetza kolektiboan oinarritutako parte hartze eredu berriak sortzea da. Bertan, eskola komunitatea osatzen duten sektore guztien arteko elkarlan orekatua bultzatuz eta erabakigune lotesleak sortuz.
Proposatzen duguna LOMCEk dakartzan aldaketak ez gauzatzea da. Horrela, guk nahi dugun ereduaren arabera funtzionatu ahalko dugu.

    2.    Pedagogia eta curriculumari dagokionez 6., 7. eta 8. neurriak.
Helburu gisa pertsonen garapen integrala bermatzen duen pedagogia dugu. Baita herritik eta herriarentzat Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat izango den curriculum propioa.
Proposatzen duguna ikasgai konkretuei dagokionean orain arte bezala jarraitzea da, alegia, batetik 'Ingurune' ikasgaia bitan ez banatzea, eta bestetik 'Balio zibiko eta sozialak' edota 'Erlijioa' ikasgaiari dagokionean ez ebaluatzea. Baita Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat ekoitzia ez dagoen materialari uko egitea, alegia, gure bitarteko propioak erabiliko ditugu.

    3.    Ebaluazioei dagokienean 9. neurria.
Hemen helburua are argiagoa dugu, ikaslearen garapen osoa kontutan hartuko duen etengabeko prozesua. Inposaketarik gabeko ebaluazio sistema propioa.
Proposatzen duguna, zuzenean, 3. mailako ebaluazio diagnostikoari uko egitea da.

    4.    Alor administratiboari dagokionean, azkenik, 10. neurria.
Hemen proposatzen duguna DAE gure hezkuntza proiektuaren arabera betetzea, edo ez, da.

Dokumentua bera HPT osatzen dugun hezkuntza bilguneon artean zehaztu badugu ere, beti bezala, gainontzeko ikastetxe, bilgune, plataforma, eragile eta herritarrei luzatu nahi diegu. Guk proposatutakoa LOMCEri aurre egiteko gako zehatzak dira. Orain, norberak bere errealitateari egokitua hoberen datorkion gisara landu beharko dugu. Gure dokumentua herriaren dokumentua izatea nahi dugu eta hala aurkezten dugu.

Guzti honetarako, beti bezala, HPTren sarea izango dugu. Edozein, edozein momentutan, gurekin jarri ahalko da harremanetan eta kezka, zalantza edota ekimenak partekatu. Hezkuntza sare bat gara eta horrela izaten jarraituko dugu. Herri baten egiten denak beste bati balioko dio eta horregatik elkartrukea etengabean sustatzen jarraituko dugu.

ERAIKUNTZA PROIEKTUEN BIRA

Lan filosofia horri jarraiki, LOMCEri modu praktikoan aurre egiteaz gain, bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzeko konpromisoa dugula argi dugu eta horretan ari gara lanean. Horregatik, Euskal Herriko txoko ezberdinetan dauden hezkuntza proiektu eraikitzaileak saretuko ditugu. Honetarako, Hik Hasi aldizkari pedagogikoarekin elkarlanean, hainbat herritako esperientziak zabaltzeari ekin diogu.

Bira honen lehenengo urratsa Aramaion eman genuen Orioko herri curriculumaren esperientzia partekatuz. Santurtzin edota Hernanin izango dira hurrengo asteetako zitak. Horrela, Hezkuntza Sistema Propioa herritik herrira gure hezkuntza ehuntzen eraikitzen jarraituko dugu.