Haur eta Lehen Hezkuntzarako hezitzaileei bideratutako sexu heziketari buruzko gida prestatu du Nafarroako LAB irakaskuntzak. Gida honekin, Iruten egitasmoaren baitan, sexualitate askatzailea lantzeko planteamendua osatu dute.
LABen aburuz, sindikatuak sorturiko material hau Nafarroako ikastetxeetan jadanik ezartzen ari den SKOLAE programan lagungarri izan daiteke kasu askotan, prozesuak aberasteko gida berri bat, gaian adituak diren profesionalek egindakoa izanaren bermea duena. Programa oraindik abiatu ez duten horietan, aldiz, lehen pausuak ematen hasteko gida oso egoki bat izanen da, nondik abiatu lagunduko duena, iparrorratz gisako bat.
Gidak honoko atal hauek jasotzen ditu:
1. Zer dela-eta material hau?
2. Zergatik eta zertarako sexu heziketa?
3. Zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean?
4. Nork eta nola landu behar du gai hau?
5. Sexu-garapenari buruzko gako batzuk
6. Sexu heziketa “osasuntsu” baterako klabeak
7. Baliabideak eta material didaktikoa
Duela berrogei urte inguru ez zen sexu hezkuntzarik lantzen. Gero hasi ziren haurdunaldien prebentzioarekin. Gero gaixotasunekin. Eta gero familia plangintzarekin. Baina ikuspegia gutxitan abiatu da plazeretik, gozamenetik, harremanetatik. Halaxe uste du, bederen, Itxaso Torregrosak, LAB sindikatuko Irakaskuntza arloak argitaratu duen Sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen hezkuntzako irakasleentzat argitalpeneko egileak. “Historikoki sexu hezkuntza ugalketan zentratu da, genitaletan, genitalekin egiten ditugun gauzetan, koitoan, eta horrekin guztiarekin loturiko alderdi negatiboetan. Orain arte egin den guztia izan da prebentzio ikuspegi batetik edo beldurretatik abiatuta. Beti zentratu gara arriskuak ekiditen, eta ez gauza positiboak elikatzen. Baina sexu hezkuntza askoz haratago dago, edo haratago joan beharko luke: mutil eta neska izateko aurpegi guztiak, nola adierazten garen, nola sentitzen garen, nola erlazionatzen garen... Ikuspuntu positibo horretatik dago egina gida hau”.
Osasunaren Mundu Erakundeak, Unescok edo Europako herrialde aurreratuenek gomendatzen dute sexu hezkuntza legez arautzea modu integralean eta behin eta berriz lantzea adin tarte guztietan. LABek ikusten du halakorik ez dela egiten hemen eta horregatik erabaki du modu propioan material hauek argitaratzea. “LABen ustez sexualitatea lantzeak badu puntu iraultzaile bat”, adierazi du Torregrosak. “Bada pertsonak modu askean hezteko modu bat. Gure ustez, sexu hezkuntzaren helburu nagusia da umeek eta gazteek beren burua ezagutzea, onartzea eta modu askean adieraztea eta horretarako ezinbestekoa da jaiotzetik etengabeko lan bat egitea”.
LABek Haur eta Lehen Hezkuntzarako gida bat apailatu du orain, heldu diren asteetan Nafarroako eskola guztietan banatuko du -aurrerago Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoetan-, geroago jolas bat sortuko du gidako gaiak lantzeko, eta asmoa da adin tarte guztietarako gidak eta materialak sortzen joatea. “Gida hau lehenbiziko urratsa baino ez da”, azaldu du Torregrosak. “Irakurtzen arina da gida; baina, aldi berean, mamitsua da, eta gaiak jorratzeko hainbat gako ematen ditu. Betiere begirada aldaketa bat eskainiz. Beste aldetik, aipatu beharra dago LABek aholkularitza zerbitzu antzeko bat ere eskainiko duela gidaren inguruan sor daitezkeen zalantzak eta kezkak kudeatzeko”.