Jostari blog naiz

Hamaika errealitate, uhinak norabide berean emititzen

Arrosa irrati sarea Euskal Herri osoko irrati mordoxka baten elkarlanaren ondorioa da. Bertan biltzen diren irrati gehienak txiki samarrak dira, herri edo eskualde mailakoak. Joan den martxoaren 2an Zarauzko Putzuzulon egindako jardunaldietan argi geratu zenez, lanerako baliabide urriekin lan asko egiteko eta jende askorengana heltzeko gaitasuna izan dute eta egun ere badute. Honen inguruko erreportajea dago ikusgai Topatu.info-n.

Baliabide urrikoa izan zen irrati libreen hastapena Euskal Herrian ere. Irrati pila batek bete zuen 80ko hamarkadan euskal irratien diala: merkatuan beren txokoa zuten eta, baliabide urriak izan arren, bazuten egunetik egunera airera informazioa zabaltzeko eta komunikazio-proiektu berriak ateratzeko adina. Irrati libreak ziren, hau da, espektro elektromagnetikoan lizentziarik gabe sartzen zirenak.

Irrati-hedapenari buruzko legedian apur bat sakonduz gero, badira puntu giltzarri batzuk horien agertaraztea irrati-sintonian bideratu dutenak. 1964. urtean, Uhin Ertainen Plana onartu zenean, irrati-enpresa asko hasi zen FMko irratiak martxan jartzen. 1978an, Genevako Plana onartzearekin bat, enpresa pribatuei eta erakundeei lizentziak emateko itxarobide berriak zabaldu zituen dekretu bat onartu zen. Irrati libre asko horren babespean sortu ziren. Administrazioaren lizentziarik ez bazuten ere, tolerantzia nabarmena zuten askok; izan ere, parroki-tokietatik edota udal-instalazioetatik emititzeko baimena eman zieten.

Abiada handiz hasi ziren ugaltzen FMko irrati libre ez-komertzialak, talde minoritarioen eta jendarte-mugimenduen bozgorailu modura, legeztatutako bideetara sartzea ezinezkoa zitzaiela ikusirik. Entzuleek mikrofonoak haien esanera zituzten irratiak ziren, haien iritziak emateko. Entzulea, igorle eta hartzaile izan zitekeen edonor une berean. Mezua edo komunikazioa norabide bakarrekoa zen ohiko komunikabideen ustea apurtzen zuten, eta gertutasuna zen nagusi; hau da, garrantzi handia zuen udaletik edo herritik zetorren guztiak. Programazioan musika-tarteak nagusitzen ziren, eta oso ingurune desberdinetatik etorritako jendeak eginak ziren: kazetaritzako ikasleak, kultur edo auzokide-elkarteak, musikazaleak… denetariko jendea biltzen zen irrati libreetan.

Hala, lizentziarik edo baimenik gabe azaldutako irrati ugariek izaera desberdinei erantzuten zieten, bakoitzaren talde sustatzailea nor zenaren arabera. Batzuk, komunikazio alternatiboa aldarrikatzeko asmoz jaio ziren, eta ohiko komunikabideetako sarrera zaila gertatzen zitzaien talde, mugimendu eta elkarte herritarrekin zuten zerikusia: ekologistekin, nuklearren eta militarren aurkakoekin, erakunde feministekin, amnistiaren aldeko batzordeekin, auzokide elkarteekin, nazioarteko komiteekin edo kultur elkarteekin, besteak beste.

“Bada zer entzun, badugulako zer esan”

Herria Mugi! ekimenak, Joxe Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin, Euskal Herriko Herri Mugimenduen III. Topaketak antolatu zituen Barrian (Araba), 2001ko udaberrian. Ekimen hartako komunikazio lan taldeak proposatuta, Euskal Herriko irrati mordoxka bati luzatu zitzaien deia euren arteko elkarlana areagotzeko eta bakoitzak zituen baliabideei probetxu hobea ateratzeko zer egin ote zitekeen hausnartzeko. Bertako eta ondorengo bileretan finkatu ziren oraindik ere Arrosa sarearen oinarriak direnak. Askotariko irratiak elkartu ziren sarearen baitan, eta lehen urteetan hiru langile eta egoitza bat ere izan zuen, Martin Ugalde kultur parkean lehenengo eta Hernanin ondoren. Hasierako epe labur hartan, “Ostarteko balkoia” izeneko arratsalderoko magazina ekoizten hasi ziren, Mikel Peruarena eta Aitziber Perez de Karkamoren gidaritzapean. Denborak aurrera egin ahala, ordea, ekoizpen zentroa ez zela ekonomikoki sostengarria ikusi zen, eta Arrosa sarearen bigarren faseari eman zitzaion hasiera; egun mantentzen den elkarlanaren eta irratsaioen elkartrukearen faseari, alegia.

Euskal Herri osoan zehar hedatutako irratien arteko topaleku izateko helburuarekin sortu zen Arrosa sarea. Komunikabideen eremuan egunetik egunera enpresa handiak nagusitzen ari zirela-eta, ohartu ziren gertuko komunikazioan ziharduten euskarazko komunikabideek elkartu eta indartu beharra zutela, enpresa handiei aurre egin ahal izateko. Hizkuntzari dagokionean, Arrosak Euskal Herria du erreferentzia eremua, eta euskara hizkuntza. Edonola ere, euskalkien erabilera ere sustatu nahi du. Elkar ezagutzarako eta koordinaziorako sarea izateaz gain, irrati emankizunak elkartrukatzeko egitura da gaur egun.

Sortu zenetik hamarkada pasatxo igaro den honetan, bigarren aldiz ospatu dituzte Arrosa sareko irratien arteko jardunaldiak, “Euskal Herrian bada zer entzun!” lemapean. Joan den martxoaren 2an egun osoko egitarauaren pean batu ziren hainbat irratitako kideak Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Lehen edizioa iazko otsailean Bergarako gaztetxean egindakoa izan zen. Jardunaldien antolakuntzan murgilduta ibili den Antxeta irratiko kide Aitziber Zapirainek ezin hobeto borobildu zuen lemaren esanahia: “Euskal Herrian bada zer entzun, bertako hainbatek badugulako zer esan”.

Gaur egun, hogeita hiru dira sarea osatzen duten irratiak. Sortu zenetik asko izan dira zerrendara batu direnak eta, bakoitzak bere izaera izanagatik, nor bere ezaugarri propioekin, elkarlanaren bidez euskara bultzatzen eta sustatzen dihardute. Jardunaldien bidez, helburu komun hori elikatzen jarraitzea lortu nahi izan dute batetik. Baina, baita harago joatea ere: Euskal Herrian sortzear egon litezkeen irrati berriei uhin libreen munduan txokoa egiten laguntzeko moduko egitaraua prestatu zuten. Goizean, ikastaro praktikoak jasotzeko aukera izan zuten Putzuzulora bertaratu zirenek. Albisteen idazketarako erredakzio tailerra, ideia edo txosten hutsekin dabiltzanentzako irrati bat zerotik sortzeko tailerra, kaletik zuzeneko emisioak egiten ikastekoa, estudioko mahaiaren erabileraren ingurukoa, uhinetatik sarerako jauzia emateko tailerra, hizkuntza sexistaren inguruko hausnarketa, audio editatzea, ahozkotasuna irratigintzan etab.

Arratsaldean, haunarketarako tartea izan zuten. Lehenik, Irantzu Jauregik azaldu zuen nolakoak izan ziren Arrosa sarearen hastapenak eta, hortik abiatuta, talde txikietan banatu ziren bi galderari erantzuteko. Batetik, irrati bakoitzeko kideek Arrosak euren irratiari zer nolako ekarpena egiten dion azaldu zuten eta, bestetik, etorkizunean ekarpen hori nolakoa izatera iristea nahi duten. Askotariko ondorioak irten ziren ondorengo plenarioan. Nagusiena, Arrosaren baitako irratien arteko elkarlana sustatzea komeni dela. Urte osoko egutegiaren baitan guztiok buruan ditugun egunetako ekimenen berri ematerako orduan aurrez adostu beharreko elkarlana batetik, eta urjentziazko kasuen inguruan informatzeko martxan jarri beharreko dispositibo azkarrak diseinatzeko asmoa bestetik. Horrez gain, Arrosaren beraren erreferentzia kanpora begira indartzeko proposamena egin zuten zenbait taldek. Edonola ere, garrantzia duena Arrosako irrati bakoitzaren izaera propioa dela uste dute gehienek, eta indartu beharrekoa irrati horiek beren eremu lokalean duten erreferentzia dela. Baina, guztiek eusten diote irrati sarea sortu zeneko printzipio nagusiari. Sarearen baitan egon litezkeen irrati guztien ezaugarri propioak errespetatuz, guztien arteko koordinazioa bermatzeari, alegia.

Txosten hutsetatik, irrati profesionalizatuetaraino

Esan liteke Arrosa sarearen baitako irratiek Euskal Herriko mapa ia osoan hedatzeko gaitasuna dutela. Lekuan leku dauden irratiak eta euren entzulegoa kontua izanda, nabarmentzekoa da irrati txikiek gure herriaren luze-zabalean duten hedadura. Izaera, emisio-eremua edota kide kopurua irratiz irrati aldatzen diren ezaugarriak dira. Baita lanerako azpiegitura zein parrilla eduki propioekin osatzeko baliabideak ere. Baina, Arrosak, aukera ezin hobea eskaintzen die irrati guztiei: irratsaioen elkartrukeari esker, zilegi delako Euskal Herriko punta batean ekoiztutako saioa, beste txoko bateko uhinetan hedatzea eta, eremu lokaleko edukiez gain, beste nonbaiteko kontu interesgarrien berri izan lezaketelako irrati txikien entzuleek. Posible delako Bilbon egindako irratsaio bat Bortzirietan entzutea edo Bergaran sortutako bat Iruñean emititzea.

Sareko hogeita hiru irratien artean, urte luzeetako esperientzia dutenak daude, baita jaio berriak direnak ere. Denak ez dira irrati libreak, badaude diru laguntzak jasotzen dituztenak ere; batzuk lan bolondresari esker mantentzen dira, eta beste batzuek langileak dituzte. Eta, horiei guztiei, sortzear daudenak gehitu behar zaizkie, jarraian jorratuko ditugun adibideetan ikusi ahal denez.

Hirugarren hamarkada beteta edo betetzera bidean dauden irratiak lirateke Irulegiko irratia, Halabedi eta Xorroxin. Lehena, 1981. urte amaieran sortu zen Ipar Euskal Herriko bizia komunikatiboki eta modu parte hartzailean sustatzeko, eta euskarari merezi duen premiazko tokia eskaintzeko. Emisioa Baxe Nafarroa osora, Lapurdi barnekaldera, Baionara, Angelura eta Miarritzera hedatzen dute, eta zenbait elkarrizketa frantsesez egiten dituzten arren, parrillan presentzia gehien duena euskara da. Poliki-poliki Xiberoko Botzarekin eta Gure irratiarekin elkarlana handituz joan dira eta, 1997an sortu zuten Euskal Irratien Konfederazioa. Gaur egun, 2002an sortutako Antxetarekin batera, lau irrati horiek osatzen dute konfederazioa.

Halabedi 1983an Gasteizen jaiotako irrati askea da, jendarte mugimenduetatik sortua. Egun, Txapa eta Aiaraldea irratiekin batera, Arrosara irratsaio gehien igotzen dituenetako bat da. Autoantolakuntzan eta asanbladan oinarrituriko irratia da; dirua bazkideen bidez lortzen dute, eta eguneroko lanean asanblada bidez funtzionatzen dute, irratiko partaide guztiak maila berean daudelarik. Ohiko komunikabideek azaltzen ez dituzten errealitateak plazaratzeko eta kalean lanean jarduten duten jendarte eragileen bozgorailu izateko ari dira irratigintzan. Euren hitzetan, inolako eragile politiko edo ekonomikorengan menpekotasunik izan gabe, askatasun osoz egiten dute lan.

Xorroxin, berriz, duela 29 urte sortu zen. Emisio eremu zabala du, eta euskara hutsezko programazioaren bidez, ekarpen handia egiten du Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako bailaretan nola Zugarramurdi eta Urdazubiko udalerrietan. Bertako informazioa landuz, entzuleak bereganatu ditu, eta entzulego finko bat du eguneroko emisio orduetan. Guztira hamar orduko iraupena dute bertan ekoizten diren irratsaioek, baina, egun osoz, entzulearen gozagarri diren hitzak nahiz kantuak izaten dira.

Horiek lirateke Arrosaren baitan dauden esperientzia luzeeneko irratiak. Baina, badaude oraindik sortzear dauden egitasmoak ere. Horietako bi dira Zumaiakoa eta Trapagarangoa. Lehenaren kasuan, “txosten soil bat” dela aipatu zuten Putzuzulora joandako zumaiarrek. Herri euskalduna izanik, euskarazko eta bertako informazioa marjinala delakoan daude, eta horri buelta emateko xedez sortu nahi dute irratia. Trapagarangoei dagokienean, gaztetxean martxan duten irratiaren proiektuan herriko elkarteei ahotsa emateko (tartean institutuko ikasleei txokoa egiteko) asmo argia dutela adierazi zuten. Bi herrietako jendea euren egitasmoak martxan jartzeko laguntza bila joan zen Arrosako bigarren jardunaldietara, eta baliagarriak iruditu zitzaizkien guztiei.

Jardunaldiek eskaini lezaketen laguntzaren lekuko zuzenak Azkoitiako Kontrako Eztarrixe irratiko kideak dira. Duela hiru urte ekin zion Azkoitiako Matadeixe guneko gazte talde batek irratia sortzeko egitasmoari eta, Putzuzulon azaldu zutenez, iazko otsailean Bergarako gaztetxean egindako jardunaldietara joatea inflexio puntua izan zen irratia martxan jartzeko. Irratia bera sortu eta parrilla betetzeko laguntza eskaini zieten Arrosako jardunaldien lehen edizioak azkoitiarrei. Behin irratia martxan izanda, egitasmoaren zabalpena egiten ari dira herrian, “herritarrengana arrimatzeko”.

Putzuzulon aurrera begira landu beharreko ildo modura proposamen asko egin baziren ere, ikasturte honetan argituko dituzte zeintzuk izango diren eman beharreko hurrengo pausoak. Sarea bera indartzea eta denen artean sortutako gauza berriak sustatzea izango dira konturik aipagarrienak. Segurua dena da herri ekimenetik sortutako irratiek bestelako komunikazio eredu baten alde egiten jarraituko dutela. Herritarrengandik hurbil egongo den eta herri mugimenduaren parte hartzea bilatuko duen komunikazioa bermatuko dutela, bestelako irrati handietan entzuten ez diren ahotsen bozgorailu izanez eta euskararen aldeko lana eginez.