Jostari blog naiz

Jaio da LEIOATIK! ataria

Topatu.info: Otsailaren 28an aurkeztu zuten Leioatik Leioako Campuseko ikasleen komunikazio proiektu berria. Bertako partaideek adierazi dutenez, Campuseko ikasleek gabezi komunikatiboa zutela ikusi zuten, bai kanpora begira zein fakultateen arteko harremanetan. Hortik sortu da proiektua.

Sortu baino egin ez bada ere, eta aurrerantzean beharren arabera osatzen joango bada ere, dagoeneko hainbat atal ditu webguneak. Horietako bat, Buruari eragin deiturikoa litzateke. Bertan, Topatu.info-ko formazeutika ataleko eduki batzuk, eta Leioako campuseko ikasleen lanak txertatzen joateko asmoa dute.

Ikasleentzako tresna erabilgarria izan dadin, Apunteen trukea atala ere sortu dute, apunteen kolektibizazioa oinarri izango duen gunea, hain justu. Fakultateak atalean, fakultate bakoitzeko informazioaren kudeaketa bertako ikasleen esku geratuko da. Campusean ekoiztutako bideoak, Klaketa! atalean txertatuko dituzte, eta gauza bera egingo dute argazkiekin Egunerokotasunari klik! atalean.

Badirudi, beraz, indartsu dagoela Leioako campuseko komunikazio txipa. Hemendik zorionik beroenak bide horri ekiteagatik, eta ea ibilbide oparoa egiten duten! AUPA ZUEK!!!