Jostari blog naiz

Markel Ormazabal "guri galdetzen zigutenean handitan zer izan nahi genuen, intsumiso esaten genuen"

Irutxuloko Hitzak elkarrizketa egin dio joan den urtarrilaren 12an aske geratu zen Markel Ormazabali. "Jarrai-Haika-Segi" delako auziagatik espetxeratu zuten 2007an, eta kartzelaz, kartzelan bizitakoaz eta kartzelan izan den denboran gertatutakoaz hitz egiten du ondoko bideoan.

Irutxulokohitza.info:

Sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Jarrai-Haika-Segi auziaren harira. Bilbon, 2007an, Esperantza frontoian atxilotu zituzten gazteetatik kalera atera direnetako azkena izan da donostiarra.

Kartzelaz, kartzelan bizitakoaz eta kartzelan izan den denboran gertatutakoaz galdetu diogu Ion Markel Ormazabali (Parte Zaharra, 1982). Ocañako espetxean (Toledo, Espainia) preso egon da sei urtez, Jarrai-Haika-Segi auziaren harira. Kezka azaldu du gazte mugimenduak bizi duen jazarpenaren inguruan; aldiz, irribarrea piztu zaio lagun eta senideek egin dioten harreraz hitz egitean.


Espetxetik irten berri zara. Zer moduz zaude?
Ongi. Desberdina da oso, prebentibo egonda bat-batean kalera irtetea; edo nire kasua izan den bezala, data zehatz bat jakinda irtetea, horrek aukera ematen dizulako zure burua ere etor daitekeenari prestatuta egoteko. Ondo nago. Lehen asteetan egia da gaindituta nengoela; baina ongi nago, eta batez ere pozik.

Urtarrilaren 12an berreskuratu zenuen askatasuna. Zer sentitu zenuen egun hartan?

Irten, eta lehen sentsazioa zorabioarena izan zen. Sei urte toki itxi eta mugatu batean pasa ondoren, lehen errepide luze eta zabala ikusterakoan ba zorabioa sentitu nuen. Han lagunak zeuden zain. Ikaragarria izan zen. Batekin egon, bestearekin egon… Egoera gain hartzen hasi zela egia da, baina mundiala izan zen. Gainera, berezitasun bat izan zuen egun hark. Une horretan bi euskaldun geunden Ocañako isolamenduan; beste biak Madrilen zeudelako epaiketa kontuengatik. Eta aste guztia nolabait formak zaintzen pasa nuen, bestea bakarrik geratzen zelako, eta egoera ez zelako batere ona. Ezintasuna sentitzen duzu. Topikoa dirudi, baina… zu irteten zara, eta barruan geratzen dira lagunak, kideak. Barruan zerbait uzten duzu. Bezperan, bera ere kaleratua izango zela jakin genuen; hor formalismo eta meditazio guztiak joan zitzaizkigun.

Ocañako espetxean eman dituzu zigorraren sei urteak.

Bilbon, Esperantza frontoian atxilotu gintuzten 2007. urteko otsailean. Erandioko kuarteletik Bilboko epaitegira eraman gintuzten, eta handik norbera bere herriko espetxetara bidali zuten. Ni Martutenera eraman ninduten beste hiru lagunekin batera. Espetxezaintzako arduradunek, zigor modura, oso ondo definituta zeukaten nola banatuko gintuzten. 33 lagun izan ginen atxilotuak eta bakoitza espetxe desberdin batetara eraman gintuzten, eta oso denbora laburrean, gainera. Argi dago atxilotuak izan aurretik beraiek oso ondo diseinatuta zutela non amaituko genuen guztiok. Martutenetik Ocañara eraman ninduten, eta han pasa ditut sei urteak.

Kartzela zer izan da zuretzat?

Ikaragarria da, baina nik uste dut Euskal Herrian, eta batez ere gazteen artean, gehiengo oso zabal batek oso argi daukala non amaitu dezakeen. Beharbada gure kasuan, eta gure belaunaldien kasuan, eta intsumisioaren inguruko dinamika horiek guztiak sortu zirenean, oso presente genuen kartzela hor zegoela. Galdetzen zigutenean handitan zer izango ginen erantzuna ‘intsumisoa’ zen. Eta hor bagenekien kartzelan egongo ginela. Adinean aurrera egin ahala gero eta argiago ikusten duzu aukera hori zabalik dagoela, orduan kartzelarena ez da susto bat; ez da bat-batean harrapatzen zaituen zerbait. Ez gutxienez gu.

Eta barruan zinela, zer?

Konturatzen zara kartzelaz oso gutxi dakigula herri honetan, nahiz eta herri honen historia kartzelatik kartzelara idatzi den. Kartzela da kartzelari buruz dakizkigun topiko guztiak eta gehiago. Kanpoan ezagutzen dituzu topiko batzuk, baina barruan sartzen zaren arte ez dakizu egitan zer den. Hori ere pentsatu beharko genuke, ez soilik Euskal Herriko gizarteak, baizik eta guztiok. Espetxea gizarte guztietan dagoen erakunde bat da, eta halere, ez dugu ezer ezagutzen barrukoari buruz. Dena den, sartzen zara, aurkitzen dituzu barruan kideak, lagunak. Eta beraien bidez egokitzen zara edozein egoeratara.

ELKARRIZKETA OSOA IRAKURGAI: irutxulokohitza.info