Jostari blog naiz

Topatu EGK-z: "interes politikoengatik soilik interesatzen zaie kontseilua"

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak batzar orokorra egin zuen iragan larunbatean Gasteizen. Aurreko egunetan, erakundearen inguruko zenbait berri hautsak harrotu zituzten twitterrean edota Topatu.info atarian bertan. Hemen, irakurgai duzue EGK-ren erabakiez Topatuko kideek egin duten irakurketa:

EGK-ko hiru langile kaleratu dituzte EGI, juventudes eta Iratzarrik

2013 Martxoak 18

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 32. asanblada orokorra gauzatu zen larunbatean Gasteizen. Ordura arteko Batzorde Iraunkorrak berregituraketa plan bat aurkeztu zuen: instituzioek dirurik ematen ez dutela eta, hiru langile kaleratzea. Jeltzale gazteen eta Gazte Sozialisten aldeko botoarekin eta Iratzarriren abstentzioarekin, proposamena onartu zen.

Ezkerreko hainbat elkarteren eta jeltzaleen arteko eztabaidek girotu zuten asanblada, aurretik ere giroa nahiko berotua bazegoen ere. Urduritasunak jota egoteak agerian utzi zuen jeltzaleen konspirazioa.

Hainbat elkarteren sarrera onartu zen lehenik, tartean Topaturena. Iragan astean Ernairi eta Gazte-Ikasle Sahararren Ligari jarritako beto administratiboa salatu bagenuen ere, azpimarratzekoa da Topaturi ere hainbat oztopo administratibo jarri zaizkiola. Horren emaitzetako bat, 3 bozka beharrean 1 eman digutela, legearen aurrean ez omen garelako gazte eragile bat. Tamalgarria iruditzen zaigu parte hartzearen gainetik jartzea burokrazia, eta horren guztiaren gaineko irakurketa argi bat egiten dugu: jeltzaleen interes politikoek bideratu dituztela erabaki horiek guztiak.

Kaleratzeak

Asanbladako puntu eztabaidatuena kaleratzeena izan zen. Hainbat puntu azpimarratu nahi genituzke:

1.- Ezkerreko hainbat elkartek defendatu genuen kontseiluak gazteriaren beharrei erantzuteko antolaketa eredu bat diseinatu behar duela, helburu jakin batzuekin, eta hortik abiatuta borrokatu behar dela gazteoi dagokigun diru publikoa lortzeaz. Eskuindarrak (juventudes eta Iratzarri tarteko), aldiz, ematen den diruaren araberako kontseilu batekin konformatzen omen dira, kontseiluak duen zilegitasun guztia haizea hartzera bidaliz. Horrek esan nahi du hemendik bi urtera orandik eta diru gutxiago jasotzen bada, berdin izango zaiela kontseilua desagertzea. Beste behin, irakurketa arbi bat egiten dugu: interes politikoengatik soilik interesatzen zaiela kontseilua, ez gazteriaren eskubideen alde egiten duen lanarengatik.

2.- Nola liteke posible kaleratzeei baiezkoa zein abstentzioa eman dioten elkarteek erabaki hori hartu izana datu ekonomiko bakar bat ere jakin gabe? Batzorde Iraunkorrak kaleratzeen proposamena “dirurik ez dagoelako” egin zuen, baina ez duen datu ekonomiko bakar bat ere eman, ez zuen inongo berregitura ekonomikorik aurkeztu. Irakurketa garbia: asanblada aurretik guztia adostuta zegoen dagoeneko.

3.- Ezker Anitzak berregituraketarako plan alternatibo bat proposatu zuen, datu guztiak mahai gainean jarriz. Plan horren arabera, ez litzateke kaleratzerik egongo, beste lanpostu bat berreskuratuko litzateke eta aurretik langileei jaitsitako soldataren %5a  berreskuratzeko aukera egongo litzateke. Alternatibak erakutsi zuen bazegoela kaleratzea saihesteko modurik, baina ez zioten kasurik ere egin proposamenari, entzun ere ez zuten egin askok.

4.- Ezkerreko elkarteok eskatu genuen ezohiko bilera bat egitea berregituraketaren kontua argitzeko eta alternatibak denbora gehiagoz lantzeko (elkarteei 10 egun lehenago soilik jakinarazi zaie zein asmo zeuden, erreakziorako denbora gabe utziz). Batzorde Iraunkorrak erabaki zuen larunbatean bozkatu behar zela nahitaez:

  • Behin asanblada iraunkorra hasita, nor da Batzorde Iraunkorra erabakiak hartzeko?  Marko erabakitzailea asanblada bera da, batzordeak botere guztiak galtzen ditu.
  • Erabakia hilabete bat luzatzea horren dramatikoa ote da jokoan EGKren egitura bera eta 3 kaleratze daudenean?

 

5.- Berregituraketaren gainean eztabaidatzeko eta hausnartzeko komisio bat eratzea proposatu genuen, erabakia oinarririk gabe eta azkarregi hartu zela iritzita. Horri ere ezezkoa eman zioten.

6.- Gogorren salatu nahi duguna jeltzale gazteen jarrera da: hiru langile kalera botatzearen alde bozkatu eta haien artean irrika pasa zuten asanblada osoa. Arduragabekeria itzela iruditzen zaigu izan zuten jarrera, ezin ulertu litekeelako zerk ematen zien barre egiteko gogoa.

7.- EAJkoen konspirazioa ere negargarria izan zen, barregarri geratu ziren: hainbat elkarte berri sartu zituzten kontseiluan, eta asanblada hasieran elkar ezagutuko ez balute bezala jokatu zuten, elkarrekin hitz egin gabe eta elkarren ondoan eseri gabe. Ez dakigu horren arrazoia zein izan zen, ezkerreko elkarteok hasieratik baigenekien nortzuk ziren eta zein estrategia erabili behar zuten. Bozkatu ostean, aldiz, guztiak ezagutzen ziren. Eta, denetan tamalgarriena (edo barregarriena), botoa eman behar zen bakoitzeko EGIko liberatuari nola begiratzen zioten, kar kar kar!

Aurrera begira

Ez dugu EGKren egungo ereduan sinesten, baina gogotsu sartu gara eraldaketa sustatu asmoz. Ezkerreko hainbat elkarterekin batera, gazteon eskubideen alde egingo dugu, inoren oinetakoei musu eman gabe.  Kolore ugari daude EGK barruan, eta eztabaidarako gune itzela dela deritzogu, aberasgarria. Horretarako, ordea, menpekotasunak eten beharko dira. Zorterik onena opa diegu hurrengo bi urteetako  Batzorde Iraunkorrean parte hartuko dutenei, eta etorkizunik onena kaleratuak izan diren hiru langileei, duintasunaren eredu izan baitira.

 Batzorde iraukor berria:

Lehendakaria: Itsaso Andueza (Hezkide Eskola)

1. Lehendakari ordea: Xabier Lasa (Ikasle Abertzaleak)

2. Lehendakari ordea: Asier Jaio (Iratzarri)

Idazkaria: Arrate Santisteban (Gaztetxoak)

Diruzaina: Joseba  Koldo Bilbao (Lurgorri)

Bokaliak: Gazte Abertzaleak, Ezker Anitza, Gazte Komunistak, EGI, Juventudes Socialistas eta Kale Dor Kayiko