Friedrich Hölderlin 1770ko Martxoaren 20an jaio zen eta bere idazkien bidez Europako poeta eta pentsalari garrantzitsu bihurtu baita modernitatearen aitzindaria ere bilakatu zen. Areago, Paul Celan bezalako XX. mendeko poetek Hölderlinen lana erreferentzia gisa erabili zuten Auschwitzen ondorengo poesiaren inguruko eztabaidetan.
Oraingo honetan, Friedrich Hölderlinen urteurrena dela-eta, bizitzen ari garen egoera garaikide petralaz gogoeta egiteko baliatu beharko genuke.
Modernitateak erakutsi zigun sakratua dena arrazionalizatzea bezain modernoa zela Arrazionalitatearen sakralizazioa eta literaturak funtsezko eginkizuna izan du prozesu horretan. Gizarte modernoan badira modernitatearen anbizio horrekiko bereziki sentiberak diren berariazko esparruak eta literatura izan da horietako bat, hezkuntza arloa izango da beste bat.
Literaturaren bidez modernitatearen egitasmoa gizarteratuz joan da. Modernitateak maite zuen gizabanakoa, unibertsala, diziplinatua, etengabeko hobekuntzaren bila zebilena, betiereko irakurle bihurtu behar zuen. «Sapere Aude» (jakitera ausartu zaitez) izan zen Ilustrazioaren mezua liburu bakarreko erlijio monoteisten kontra.
Egia liburu bakar batean, Biblian edo Koranean esaterako, aurki zitekeela pentsatu zutenen aurka, liburu asko irakurtzearen aldeko aldarria egin zuen literaturak. Goian aipatu «jakitera ausartu zaitez» leloaren alde agertzeaz gain, hura helburu bihurtu zuen, desiragarri bezain egingarria, eta praktikan jarri zuen. Literatura idatzia irakurri ahal izatea, beraz, bizitzan funtsezko jakintza eta ohitura bihurtu zen. Kultur praktika berria zen irakurketaren bidez jakiteak balio zuela aldarrikatu zen eta literatura zabaldu.
Jakiteak, bada, modernitateak asmaturiko gizaki berria sortzeko balio zuenez, literaturaren erabilera ezinbestekoa suertatuko zitzaion handik aurrerako gizabanakoari.
Alemaniar Ilustrazioa ezin da modernitatearen oinarria den Frantziako Ilustrazioarekin erraz identifikatu, ordea.
Aitzitik, alemaniar literaturan, Hölderlin, Goethe, Schiller, Novalis, Humboldt, Schelling eta gainerakoek arrazoia sakralizatu beharrean sentimenduarekin batera landu zuten beren izkribuetan.
Haien ustez zientzia-asmamenaren, produktibitatearen eta utilitarismoaren hedatzearen eragozpen bakarra zen gizateria arrazoian oinarritzen zela soilik. Horrek beldurra eta errezeloak eragin zituen hasierako Jenako Zirkulu intelektualean eta, oro har, alemaniar literaturan. Errealitatea, beren aburuz, poesiaz, espiritualtasunaz eta sentimenduz betea zegoen, eta literaturak horren berri eman behar zuen. «Natura makina monotono izatera mugatu dute» kexatu zen Novalis.
XX. mendeko alemaniar literatura, berriz, Theodor Adornok esan zuenarekin bat zetorren, alegia, Auschwitzen ondoren ezin zela poesia egin.
Egia esanda, Adornok 1949an idatzi zuen: «Auschwitzen ondoren poema bat idaztea barbaroa da, eta horrek ezagutza nahasten du, zeren gaur egun ezinezkoa baita poesia idaztea».
Adornok planteatzen zuena ez zen poesia idazteko debekua, baizik eta arteak eta kulturak Holokaustoaren ondoren zuten zereginari buruzko hausnarketa kritikoa egin beharra zegoela.
Berak argudiatzen zuen artea, eta bereziki poesia, Auschwitzek posible egin zuen kulturaren zati gisa kolokan jarri behar zirela.
Adornoren ustez, Auschwitzen ondorengo zeregina filosofia, etika eta hezkuntza birpentsatzea zen. Holokaustoaren esperientziak pentsatzeko eta jarduteko modu berri bat eskatzen zuela uste zuen, antzeko zerbait berriro gerta ez zedin.
Munduaren egungo egoerak, oro har, eta Ekialde Hurbileko sarraskiek, zehazki, genozidioa ahalbidetzen duen kultura postmodernoa berrikustera bultzatu behar gaituztelakoan nago.