Baten batek erbesteratuak
iraganera begiratzen zuela
zioen
zauriak miatu
besterik ez duela egiten
zioen
eta, aldiz,
etorkinak
etorkizunera begiratzen duela
diote
eskura dituen aukerak
profitatzeko nahi dituela
diote
Baina etorkinik ez dagoela
diot nik
balizko etorkin denak
erbesteratuak direlako
Eta Erbestea ez dela zigorra
bizitzaren zigorretatik
babesteko kaia baizik
diote
Erbesteratua ez baita egoten
pobreziaren beldur
ez kartzelaren ikararaz
ezta herioren izuaz
Erbesteratua ez baita egoten
ikararen eta izuaren beldur
ikaratuta, izututa eta beldurtuta bizi arren
Balizko etorkinaren elikagaia itxaropena dela
diote
eta Erbestea
haren Aberria
Balizko etorkin guztiak
erbesteratuak direlako
diot nik
gure herria
nonahi gaudelarik
gurekin ez dagoelako
«Edozein injustiziarekin bat ez etortzeagatik
ihes egiten duten seme-alabak hazten dituen
Aberria
handiagoa izaten baita
alde egiten dutenengatik
geratzen direnengatik baino»
zioen
Ganivet poetak
Rigan hildakoak
«Gure indarra pobreziaz dugun ideian
datza
ez idealik gabeko aberastasunean»
zioen
Anberes eta Helsinkin
bizi ondoren
Dvina ibaian ito zen
bere buruaz beste eginez
zioten
Erbestean
ikara
izua
beldurra
deritzoten
Aberrian
Herioa Aberri
«Edozein injustiziarekin bat ez etortzeagatik/ ihes egiten duten seme-alabak hazten dituen/ Aberria/ handiagoa izaten baita
alde egiten dutenengatik/ geratzen direnengatik baino»