Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Koldobika Praileaitzeko txamanarekin hizketan egongo da

«Adiskide bat bazen, oso gutxitan ezagutzen duzun horietakoa, eta arte munduan lagun izateaz gain, Eusko Legebiltzarrera behin baino gehiago joan behar izan genuen arte paleolitikoaren defentsan, bere ikuspuntu eta arrazoibideak partekatu ahal izan nituen Praileaitz Taldean. Haren jarrera erreferentzia izan zen beti Amenabar enpresak, Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin, haitzuloko aztarnategia Sasiolako harrobiaren ustiapenetik babestu nahi izan zuen gure taldearentzat».

«Independentea izatea konplexua da, baina egin daiteke. Trebea zen bere ikuspuntu argiak mahai gainean jartzen. Horrezaz gain, Euskal Herriko historia eta tradizioak ederki ezagutzen zituen».

Goian egindako aipuaren bidez, Koldobika Jauregiren heriotza dela-eta, haren oroimenean murgiltzen ari naizela irudi lezake, baina, aldiz, beste artista eta taldeko kide baten heriotzari buruzko hitzak erabili ditut: Koldobika Jauregik berak duela hamaika urte hil zen Iñaki Epelde margolariaz esandakoak, alegia. Halere, Koldobikaz hitz egiteko ere balio dutelakoan nago.

Izan ere, hamaika ikusteko jaio gara, eta aurre-historiatik arteak lagundu egiten digu maitasunaren fruitutik ezerezeraino bizitzeko behartuak gauden espazio horretan barrena ibiltzen.

Horrenbestez, inork ezingo dizkigu lapurtu mundu ederrago baten aldeko borroka-oroitzapenak, ezta bide horretan aurkitzen ditugun adiskidetasun eta etsaitasunak ere.

Harro egon behar baitago bizitzan bidaide izandako lagunez eta, jakina, parean aurkitutako arerioez.

Gugan bego.

Buscar