Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Behar eta ezin

Urkullu lehendakariak esandako beste «behar» bat gehiago kostatu zait ulertzen. ETA ez omen zen inoiz existitu behar. Zer esan nahi zuen zehazki?

Filosofian «behar», «ezin», «ahal», «baliteke» eta antzekoen zentzu aletiko, epistemiko, eta deontikoa bereizten dira, besteak beste. «Argi gorriarekin ezin da zebra-bidea gurutzatu» diogunean, adibidez, ez gara ezintasun aletikoaz edo fisikoaz ari; deontikoaz, trafiko-arauek ezarritakoaz, baizik. «Inor ezin da argia baino azkarrago mugitu» diogunean, alderantziz.

Filosofian ohikoa da unibertsoari eta historiari izaera determinista ikusten dietenen eta izaera indeterminista ikusten dietenen arteko eztabaida ere. Gertaera guztiak lirateke batzuen ustez beharrezko; guztiak kontingente, besteentzat. Bi eratakoak bateragarri egitea litzateke beste batzuen erronka.

Filosofiatik kanpo, susmo txarra hartu ohi diet «behar» edota «ezin» askotxo erabiltzen duten testu eta diskurtsoei. Maiz, eskatu gabeko aholku moralaren mozorroarekin datorren iritzi-adierazpen hutsa da «behar» hori. Beharrezkoa baldin bada, ez dago zertan argudioak ematen hasi, ala? Beharrezkoa da eta kito. Zergatik? Nik hala diodalako. Eta bistakoa delako. Galdetu beharra ere!

Lehengo astean ezker abertzaleko ordezkariei irakurri nien hainbat «behar» eta «beharrezko». Esan zuten, «baieztatzen dugu hura (mina) ez zela inoiz gertatu behar». Eta akaso, behar zenaren alorretik asko urrundu gabe, uler daiteke hizketa-gai zuten mina eragin zuten gertaera haiek ez zirela beharrezkoak, kontingenteak baizik, eta esaleek eta haiek ordezkatutakoek bazeukatela erantzukizuna, eta aitortzen zutela hori. Horra artekoa behintzat argia iruditzen zait niri.

Urkullu lehendakariak esandako beste «behar» bat gehiago kostatu zait ulertzen. ETA ez omen zen inoiz existitu behar. Zer esan nahi zuen zehazki? 50eko hamarkadan Euskal Herrian ez zegoela inolako arrazoirik nazio askapenaren alde jarduteko? Hobe geundekeela gazte haiek etxean geratu balira? Ala, besterik gabe, ETAren sorrera metafisikoki kontingentea izan zela? Espainiar film hartako ateraldi gogoangarri hura datorkit burura: «Lehendakari: denok gara kontingenteak, baina zu beharrezkoa zara!». Eguna argitu du; ez da gutxi.

Buscar