Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Erditze min biziak

Ez dut uste erratzen dudanik esatean Joxemi Zumalabe Goenaga izan dela euskararen aldeko mugimenduan azken hamarkadetan izan den pertsonarik erabakigarriena.

Berrogeita bi besterik ez zituen Joxemi Zumalabe Goenagak orain 30 urte, urtarrilaren 12an, hil zenean. Zaila egiten da sinesten. Gazteak ginen eta, zaharra ez, baina heldu samar ikusi genuen beti batzuek –anaia nagusi moduko bat–, jakintsu, argi, sendo, goxo. 72 urte izango zituen orain. Zaila egiten da sinesten hori ere. 72 urte.

20 urte beteko dira laster, del Olmo epailearen aginduz, guardia zibilek “Euskaldunon Egunkaria” itxi eta hainbat lagun atxilotu, torturatu eta kartzelatu zituztela. Erraz itxi zuten. Hain erraz, ezen “Egunkaria” sortzea bera lan erraza izan zela pentsa bailezake bakarren batek. Oker.

Euskarazko egunkari baten desio edo ametsa zentzuzko asmo bihurtzeko, lehenbizi, eta errealitate bihurtzeko adimena, gogoa, erabakimena eta lana, gero, Joxemik jarri zituen. Ez Joxemik bakarrik, jakina, baina bai batez ere Joxemik. Pertsona giltzarria izan zen proiektuak behar zituen zutabe nagusiak batera ekartzen: “Argia” bera, Jakin, Elkar, “Egin”, ikastolak, eta euskararen aldeko herri mugimendua. Hori ere ez zen zeregin samurra garai haietan. Eta zer esanik ez, Eusko Jaurlaritzaren eraso zuzenari aurre egitea. Akusazio zekenak ez ezik, ekonomikoki itotzeko saio deliberatuak egin zituzten erakundeen arduradunek “Egunkaria” jaio ez zedin. Ez zen erraza izan. “Egunkaria”-ren erditze minek ez zuten Joxemi berehala gerarazi, baina minbizia erein zioten. Eta hil. 42 urterekin hil.

Ez dut uste erratzen dudanik esatean Joxemi Zumalabe Goenaga izan dela euskararen aldeko mugimenduan azken hamarkadetan izan den pertsonarik erabakigarriena, eta gure herriak zor diola behar bezalako aitortza publikoa, orain arte lagunek eta burkideek egin diotenetatik harago. San Sebastian bezperatan gaudela, adibidez, Donostiako Udalak izenda zezakeen donostiar seme kuttun edo hilondoko urrezko domina edo danborra eman. Baina ez du egingo. Gaizki egindakoak aitortzea eta ez egindakoak egiten hastea ez da ohiko praktika haientzat. Ezkerreko independentisten min bizien eragileen bila ez dago zertan Madrilera soilik begira jarri.

Buscar