Beste hainbat gauzatara bezala, berandu iritsi nintzen zientzia-fikziozko literaturara. Beste hainbatek bezala, sendo ezarritako oharkabeko aurreiritzi orokor baten poderioz, genero txikitzat hartua nuen. Gauza bera gertatu zitzaidan beldurrezko literaturarekin, baina ez handiustez betetako aurreiritzi batengatik, ezintasun pertsonal batengatik baizik. Ez naiz sekula santan beldurrezko filmak ikusteko gai izan. Beldurra eman didate beti, eta, jakina, ezin goza nezake beldur nazakeen literatura. Halako batean, Stephen Kingen “Misery” eta “The Stand” irakurri nituen gaixoaldi banatan. Idazle handi bat deskubritu nuen, eta literaturari buruzko nire hainbat usteen ustela. Zientzia-fikzio eta fantasiaren ateak ireki zitzaizkidan eta ziztu bizian irakurri nituen John Scalziren “Old Man’s War” eta bere saga osoa. Artean ez nekien, ordea, zientzia-fikziozkotzat har daitekeela espazio-ontzi, robot edo estralurtarrik batere ez duen iraganari buruzko lana ere.
Gero ezagutu nituen Octavia E. Butler afro-amerikarra eta 1979ko bere “Kindred” nobela. 1976ko AEBtik XIX. mende bukaerakora joan-etorrian dabil Dana protagonista beltza, esklabotzaren aurreko eta ondoko zapalkuntza moduen aurka bizirauteko borrokan. Berealdiko nobela, Butler literatura unibertsalaren Olinpoan kokatzen duena. Oraintxe irakurri dut Rebecca F. Kuang txinatar amerikarraren 2022ko “Babel”. XIX. mende hasierako Oxforden kokatzen du Britainiar Inperioaren teknologia nagusiaren ikerketa gunea. Handik garatzen eta kudeatzen dute zilarrean eta munduko hizkuntzen ezagutzan –itzulpengintzan– oinarritutako tresna hilkorra. Nobela mardula, sendoa, 29 urte bete ez dituen Kuangena.
Generoak genero, azken bi nobela horien egileek emakume eta ez-zuri behar zuten, inondik ere. Egia darie beren istorioei. Ongi erakusten dute askotan fikzioa, fantasia eta zientzia-fikzioa barne, historia baino efikazagoa dela, Mendebaldeko inperio zaharretako gizon oligarka edo burges zurien supremazismo historikoa bistaratzeko.
