Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Guatxantxa

Antza denez, existitu da inoiz hemen polizia demokratikoa, euskalduna, eta herriaren zerbitzura egon dena. Hura berreskuratzea omen da gakoa

Desbideratze bat egon da Ertzaintzan. Berreskuratu behar dugu polizia erakundea: demokratikoa, euskalduna eta herriaren zerbitzura dagoena», esan zuen Arnaldo Otegik. Esanak esan, Otegiak Otegi, Espainiako Konstituziotik eta horren mendeko EAEko Estatututik eratortzen den Estatu segurtasun-indarren adarra da Ertzaintza, Konstituzio hori eta bere legeak, espainiar Estatuaren aginte exekutibo eta judizialaren aginduak betetzeko dagoena. Orain berrogei urte, Ertzaintza Goierrin lehenengoz hedatu zenean, hori gogorarazi zieten gazte batzuek Jarraiko arduradunei.

Baina ez zen komeni. Arrazoia zuten goierritar gazteek, baina hura ez zen salaketa mugimendu herritarrik abiatzeko abagunea. Edo hala ulertu zuten batzuek. Otegiren hitzak irakurrita, ordea, badirudi ezker abertzaleak ez duela ikusten jatorrizko bekaturik orain Ertzaintzan, eta eredu on batetik desbideratzea izan dela problema. Antza denez, existitu da inoiz hemen polizia demokratikoa, euskalduna, eta herriaren zerbitzura egon dena. Hura berreskuratzea omen da gakoa.

Nik ez dut Otegik ezagutu bide duen Ertzaintzarik inoiz ezagutu. Nik Ertxantxa ezagutu dut: erdalduna, erdaltzalea eta biolentoa. Sortu bezain laster, haxix edo marihuana pittin baten aitzakian, Ordiziako arboledako arratsalde baketsuak izorratzeko prest zegoena. Espainiar Estatuko segurtasun indarrak ziren eta, beren jardunean, are zailagoa egingo zuten inork gerora bestela uste izatea. Adimen eta mihi zorrotzeko EAEko legebiltzarkide ohi bati askotan entzun izan diot: «Que se vayan (doazela) kantatu dugu askotan Guardia Zibila gogoan. Ertzaintza hau ezagutu ondoren, Que se vuelvan (datozela) kantatzen hasiko gara laster».

Guatxantxa (guantxeen ertxantxa) esaten diote kanariarrek eskuduntzarik apenas daukan beren polizia autonomikoari. Guindilla, munizipalei. Ez dut esango nahiago dudanik espainiar polizia mozorrorik gabea, Ertxantxa eta Ibarrako piper armatuak baino. Ardura daukadanak, hala ere, jakin beharko luke inoiz existitu ez dena ezin berreskura daitekeela, ezker abertzalekoak Arkautin samaldaka graduatuta ere.

Buscar