Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Guggenheim kuantikoa

Euskal herritar asko eta, batez ere, bilbotar asko, harro egongo da Bilboko Guggenheim museoaz. Beste askok, euskal arte langile ugarik akaso, harrotasuna baino haserrea gordeko dio. Eta beste batzuongan mixed feelings edo sentimendu nahasiak eragiten ditu. Ederra da eraikina, Bilbo zeharo eraldatu zuen eta «mapan jarri». Baina horiek guztiak balioetsita ere, argi dago baliabide publiko multzo itzela jarri zela fundazio pribatu baten esku eta EAEko kulturarako aurrekontua urteetarako hipotekatu. Ez dago jakiterik euskal kultura zer egoeratan legokeen Guggenheimen diruak beretzat izan balitu. Igual ETB2ra bideratuko zituzten, “Akelarre”-etara, euskarazko kulturaren bizkar barre egiteko. Auskalo.

Guggenheim sikiera ez da AHT, Donostiako metroa edo Zubietako errauskailua bezain katastrofikoa izan. Bestalde, Guggenheimek artelanak ekartzeko behar dituen garraioena izango du koste ekologikorik handiena. Besteek gure dirua ez ezik, gure ingurumena eta osasuna xahutzen digute. Baina denak izan dira inposatuak. Diru publikoa neurri gabe erabili dute, aldez aurretik behar bezalako informazioa eman eta behar bezalako eztabaida publikorik egin gabe. Ez dira izan erabaki prozedura demokratikoaren eredu, ez horixe.

Bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat ere. Badirudi errazagoa dela kritika publikoa ekologiaz, garraioaz edo zaborrez ari garenean, arteari buruz edo zientziari buruz ari garenean baino. Azken asteotan EAEko hainbat erakundetako arduradunak, eta horien propaganda albiste-mozorroz jantzita eman ohi diguten komunikabideak, matraka ematen ari zaizkigu, IBM gora, konputazio kuantikoa behera. Baina ez digute argi esan zenbat diru publiko erabiliko den, zertarako, zenbat urtetan eta hori dena nork, noiz eta non erabaki duen. Ez al digute zientziaren izenean Guggenheim kuantikoa egingo? Ez al digute hipotekatuko oinarrizko euskal zientziak behar duen dirua, eta korporazio multinazional baten esku jarri? Herritarroi gardentasuna zor zaigu, eta informazio eta erabaki eskubideak bermatzea. Ez dugu inposizio gehiagorik merezi.

Buscar