Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Herri txiki, arnasa estu

Seguru asko, museoaren eskandaluaren bidez izango nuen Balentziagaren berri. Hara joan nintzenean, makina bati Guggenheimekin gertatu bezala, gehiago inpresionatu ninduen edukiontziak edukiak baino. Diseinuak ez zeuden gaizki, baina eraikina gehiegizkoa iruditu zitzaidan, soineko gutxi batzuk erakusteko: proportzioaren zentzurik batere gabea −handiegia Getariaren tamainarako−, diru publikoaren xahubideari egindako omenaldi monumentala. Beste bat. Ederra, hori bai. Eta sendoa: ez EHUren Ibaetako campuseko eraikinen modukoa (itoginez josita, sabaiak behera datoz eta plastikoekin babestu behar dira liburuak; diru publiko gutxi doa unibertsitate publikora, eta eraikinen mantenuari eskaini beharko zaio langile eta ikasleengana joan beharko lukeena).

Museoaren bisitaldi hark ez bezala lagundu dit Moriartikoen telesailak Balentziagaren talentua estimatzen. Ikasi dut Parisera arrazoi artistikoengatik joan zela nonbait, ez politikoengatik. Eta, politikari dagokionez, badaudela erraz erantzun ez daitezkeen hainbat galdera. Apolitikotzat aurkezten zuela bere burua, baina argi-ilunak edo, hobe esan, ilunak zituela gehiago, frankismoari eta euskalduntasunari dagokienez. Txillidaren kasuan ez bezala, ez dira horiek guztiak erabat ezkutatu. Eskertzen da.

Eta eskertuko nuke, baita ere, bigarren denboraldi bat, Parisera joan aurreko urteez, haurtzarotik hasita. Zer esan zioten bere adineko haurrek konturatu zirenean, hondartzan edo moilan jolasean ibili baino, nahiago zuela josi? Getariako bere adineko mutilekin ezagutu al zuen sexualitatea? Herri hartan arnasarik har zezakeen jostun gazte homosexual batek? Errepublika garaiko euskal gizartea askeago al zen beretzat, hala ere, frankismoaren menpekoa baino? Hiriak askeago al ziren herri txikiak baino? Horregatik joan al zen Donostiara? Eta Donostiatik Madrilera? Eta Madrildik Parisera? Zergatik onartu zuen, erretreta hartua bazuen ere, Francoren bilobaren eztei-soinekoa jostea? Balentziagaren «c» hizkiak aurrea hartu dio Txillidaren «Ch»ari nire jakin-minaren azokan.

Buscar