Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Igotzen dugun muinoa

Aristotelesen «Erretorika» laneko hitzak erabiliz, «pathos»-ak eta «ethos»-ak gailendu zitzaizkion «logos»-ari. Hitzak emozio eta sentimenduen zerbitzura. Poesia ez da beste ezer, beharbada.

Joe Bidenek AEBetako presidente kargua hartzeko ekitaldian, oihartzun handia izan zuen Amanda Gorman 22 urteko poeta afrikar-amerikarrak irakurritako poemak. Testuari berari testuinguruak hartu zion gaina, ordea. Zer esan zuen baino, nork, noiz, non, zergatik eta nola esan zuen izan ziren gero hizpide. Jopuen oinordekoa, emakumea, gaztea, ederra, oso dotore jantzia presidentearen «inaugurazio» egunean, munduaren erdiguneko aldare nagusitik, Kapitolioko erasoaren harira, sekulako irakurraldia egin zuen. Aristotelesen "Erretorika" laneko hitzak erabiliz, pathos-ak eta ethos-ak gailendu zitzaizkion logos-ari. Hitzak emozio eta sentimenduen zerbitzura. Poesia ez da beste ezer, beharbada.

Titulu bereko poema-liburua eta horren itzulpenak bidean dira. Gormanek berak aukeratu zuen Marieke Lucas Rijneveld idazle gazte ez-binario arrakastatsua nederlanderara itzultzeko, eta kritikak eragin zituen zeregin horretarako zuri bat hautatu izanak. Rijneveldek berak bertan behera utzi zuen bere konpromisoa. «Pozik emana nintzen Amandaren lana itzultzera; zereginik handiena bere indarra, tonua eta estiloa gordetzea ikusten nuela. Baina jabetzen naiz horrela pentsatzeko eta sentitzeko tokian nagoela ni, beste asko ez dauden tokian», esan zuen Rijneveldek.

Victor Obiolsek prestatu zuen katalanerako itzulpena, Bartzelonako Univers argitaletxeak eskatuta. Gormanen agenteak edo jatorrizko argitaletxeak, ez dago garbi zeinek, ez zuen pertsona egokitzat jo, eta bere itzulpenak ez du argirik ikusiko. «Ezin badut itzuli poeta bat, hura emakumea, gaztea, beltza, XXI. mendeko amerikarra delako, ezin dut itzuli Homero ere, a.k.a. VIII. mendeko greziarra ez naizelako» esan du Obiolsek.

"The Hill We Climb" poemaren euskarazko bertsioak puska bat itxoin beharko du emakumezko itzultzaile gazte beltz ekintzaile egokia topatu arte, zer esanik ez bere estatuko presidentearen kargu-hartze ekitaldian poema irakurritakoa izatea ere eskatuko balitzaio. Oraindik igotzeko daukagu euskaldunok ere gure muinoa.

Buscar