Hamairu urtez, eskuz eta banaka-banaka landutako ehun ale eskaseko edizioak egiten zituen Moonpalace Records zigiluaren agurra zabaldu zen, sarean, aste honen hasieran. Juanra Prado Carriónek urteotan argitaratutako hogeita hamabost erreferentziek, folk ikutuko hamaika kantu malenkoniatsu bildu dituzte: euren artean, badira izen ezagunak, baita entzule saiatuarentzat ere, maiz, ezkutuan geratzen diren musikariak.
Zigilu donostiarrak argitaratu zituen, besteak beste, Joseba Irazokiren 'Euria ari du' eta Brian Michael Roff-ekin elkarbanatu zuen 'Folk me, laztana' diskoak, baita, krikikak hainbeste txalotutako Saioa legorretarraren lanak ere.
DIY (egizu zuk zeuk) filosofian oinarritutako proiektu erabat pertsonalari adio esan dio Prado Carriónek, ez Moonpalace izandakoaren azken aztarna bat izango dena iragarri gabe. Azaroan argitaratuko du hogeita hamaseigarren erreferentzia zigiluak, proiektuari eman diezaiokeen amaierarik onena emateko: sortzailearen eskuetatik igarotako kutxetan bildutako musika.