Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Denbora?

Ingurua usaintzeak ematen dizkigu egoerari tankera hartzeko pistak, baina komunikabideen joeren inguruan Reuters institutuak eta Oxfordeko Unibertsitateak urtero kaleratzen duten txostenak asko pilatu eta modu gordinean kaleratu ditu. Ikasgelan bertan sumatzen da indarra izan zuten sare sozialak historia direla; egun helduagoak diren biztanleen artean erabiltzen dira batik bat; abiadura azkarrean sortu eta indartzen dira, gero eta gehiago ikus-entzunezkoetan oinarritzen diren sare hauek. Autobusean ondoan eserita dagoen mutilak ordu erdi eskaseko bidaian bideoak ikuskatzen ditu, eta bat amaitzerako ematen dio hurrengoari play. Denbora gutxian pilatutako kontsumo azkarra, informazioa eskuratzeko baino, entretenimendura bideratutako produktuen gainbegirada.

Baina komunikazioaren eta komunikabideen esparruan adimen artifizialak sortzen du ezinegon handiena; hala jaso du aipatutako txostenak ere. Ikerketaren eremuan ere lehentasunezko aztergai bilakatu da horregatik, eta dozenaka dira, ehunka agian, hilabetero adimen artifizialak izan dituen eta izango dituen erabilerak ikertu eta izan ditzakeen ondorioak aurreikusi nahian argitaratzen diren ikerketak.

Komunikabideetako erredakzioetan denbora aurrezteko bidea izan daitekeela diote adituek, badirelako modu mekanikoagoan egin behar izaten diren zereginak eta horretarako baliagarriak dira adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak; eduki konplexuak lantzeko tarte gehiago izatea da, azken batean, gaiaren inguruan ikertzen ari direnek nabarmentzen duten abantaila nagusia. Baina inguruan ere sumatzen da guk sortu beharko genituzkeenak makinak sor ditzan eginahaletan ari direnen saiakera. Denbora aurrezteko modua omen, baina ez dakit pertsonok ditugun ahalmenetan fedea galdu izana ere ez ote dagoen tartean; ez dakit zerk duen pisu handiagoa. Bitartean, teknologia hauek sortutako eztabaida etikoak ere ugaritu dira: nork eta nondik sortzen du, zeren truke, zein ikuspegirekin, zein helbururekin, zer agerian jarrita, zer ezkutatuta... Astia behar da horiek eztabaidatu eta arautzeko, baina denborarik badugu?

Buscar